Baskegurrek gazteak baso-makinak erabiltzen trebatzeko auzolandegia antolatu du PYREMPFOR GO proiektuaren barruan

Hamalau ikaslek eta prestatzailek hartu dute parte baso-lanen plangintza eta makineria espezializatuaren erabilera bertatik bertara ezagutzeko antolatutako auzolandegian.
Baskegurrek, Euskadiko Egurraren Elkarteak, urriaren 5etik 9ra auzolandegi bat antolatu zuen Gordexolan (Bizkaia), Murgiako eta Montearagón lanbide-heziketako ikastetxeetako hamalau ikasle eta prestatzailerentzat, Europako PYREMPFOR GO proiektuaren barruan.
Ekimenari esker, ikasleek baso-lanak bertatik bertara ezagutu eta baso-aprobetxamendu mekanizatuaren faseak gertutik ikasi ahal izan dituzte. Prestakuntzak hainbat alderdi hartzen ditu barne: lanen plangintza, laneko arriskuen prebentzioa, baita mendian erabiltzen den makineria ezagutzea eta erabiltzen ikastea ere. Ikastetxeetan simulagailuen bidez egindako aurretiko lana benetako lan-ingurunean osatu dute, baso-makineria erabiltzeko praktikekin: prozesagailua, autokargatzailea eta arrastatzailea.
Hiru urteko iraupena osatu ondoren, proiektua 2027ko urtarrilean amaitzea aurreikusten da. Kataluniako Basogintzako Zientzia eta Teknologia Zentroak (CTFC) koordinatzen du proiektua, eta Europar Batasunak % 65ean kofinantzatzen du, Espainia, Frantzia eta Andorraren arteko lankidetza sustatzeko Interreg/POCTEFA programaren bidez.

Prestakuntza praktikoa, sektorearen beharrei erantzuteko
Baso-makineria erabiltzeko behar bezala prestatutako profesionalak izatea sektorearen erronketako bat da. PYREMPFOR GO proiektuak behar horri erantzun nahi dio prestakuntza-tresna berriak garatuz eta baso-enpresen beharretara egokitutako prestakuntza-aukerak sustatuz.
Proiektuak hiru jarduera-ildo nagusi ditu. Lehenengoak basogintzako mekanizazioari lotutako lanbide-kualifikazio berri bat garatzea da. Bigarrenak EMOC (European Machine Operator Certificate) Europako ziurtagiriari lotutako prestakuntza praktikoko ekintzak, trukeak eta auzolandegiak biltzen ditu, bereziki gazteak eta emakumeak sektorean sar daitezen sustatuz. Eta, azkenik, mugaz gaindiko egitura bat ezarri nahi da, enplegu-eskaintzaren eta eskariaren arteko topaketa erraztuko duena, www.ocupforest.eu plataforman oinarrituta.
Baskegurrek antolatutako auzolandegia PYREMPFOR GO proiektuan aurreikusitako lauetako bat da, eta baso-makinerian kualifikatutako prestatzaileak izan ditu. Olmos Forestal enpresak Gordexolako udalerrian Intsinis pinu partzela bat jarri zuen prestakuntza-lanak egiteko. Guifor baso-makinerian espezializatutako enpresak ere lagundu zuen ekimenean, ordezkatzen duen John Deere markako makineria utzita.