Euskadik baso-egur sektoreari buruzko hezkuntza sare bat bultzatzen du, hezkuntzaren arloko eta sektoreko eragileen presentziarekin
BeHS – Baso Egur Hezkuntza Sareak espazio komun bat izatea ahalbidetuko die eragileei, euren hezkuntza-eskaintza erakusteko eta zentroen arteko sinergiak sustatzeko.
Baskegur – Euskadiko Egurraren Elkarteak, Hazi Fundazioarekin eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzarekin batera, Euskadiko prestakuntzaren alorrean diharduten eragileen arteko aliantza indartzeko ekimen bat abiatzeko lana dinamizatu du –Jaurlaritzak eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) sektorearentzat finantzatzen dituen lankidetza-hitzarmenen baitan-, prestakuntza hori bateratzeko eta modu erakargarriagoan aurkezteko mutil eta nesken belaunaldi berriei.
Sarea abiatu ahal izateko, ezinbestekoa izan da taldekako lana sustatzea, eragileak bildu eta bakoitzaren prestakuntza-eskaintzen aurkezten duen plataforma bat diseinatzeko. Sare horrek Finlandiako adituen sostengua izan du baso-/egur-sektoreari lotutako prestakuntza-politikak definitzeko. Bioacademy Finland, gainera, alor horretan munduko erreferentzia den Joensuuko Global Education Park bultzatzeaz eta dinamizatzeaz arduratzen den erakundea da.
Euskadiko baso-/egur-sektoreak oso potentzial handia du etorkizunerako, zeren lanpostu kualifikatu berriak sortzeko ahalmena baitu baso-bioekonomia zirkularraren garapenarekin lotutako arloetan. Hala, Kimika berdearen, eraikuntza jasangarriaren eta bioenergiaren arloetan –beste arlo batzuen artean- gertatzen ari den hazkundeak profil profesional berriak eskatzen ditu jadanik.
Aldi berean, belaunaldi-errelebua bete behar da oraingo lanpostuen iraupena bermatzeko, hala nola basoko lanpostuak edo aroztegietakoak; aldi berean, baina, lanpostu horietarako beharrezkoa da 4.0 Industriaren berezko ekoizpen-sistema berrietara egokitzeko gai den pertsonala izatea.
Prestakuntza-sarearen proiektuari esker, Euskadiko baso-/egur-sektoreak badu marka-irudi definitu eta global bat, baita webgune berri bat ere -BeHS Baso Egur Hezkuntza Sarea izenekoa-, sarea osatzen duten zentroek eskaintzen duten titulazioei buruzko informazioarekin. Besteak beste, unibertsitateak eta lanbide heziketako zentroak biltzen ditu, eta baita administrazioak berak profesionalen birziklapen etengaberako eta profesional horiek ekoizpen-aldaketetara egokitzeko egiten dituen proposamenak ere, beste erakunde espezializatu batzuekin batera.
Halaber, sareak ahalbidetuko du prestakuntza-eragileen arteko sinergiak sustatzea, bikoizketak saihestuz eta ezagutzari eremu berriak irekiz, egurraren transformaziorako enpresek berek gure lurraldean dituzten beharrak kontuan hartuta.
Sareak landu behar dituen proiektuen artean, prestakuntza duala enpresetan bultzatzearekin eta baso-/egur-sektorearen errealitatea ezagutzera ematearekin zerikusia dutenak daude, eta baita karbono gutxiko ekonomia berdearen garapenari egiten dion ekarpena ere, lehen eta bigarren hezkuntzako zikloetan. Sektorearen inguruko ezagutza eskoletako ikasleen artean haztea lortzeko eta baso-jarduera eta egurraren transformazio-jarduera ezagutzera emateko, ikasgai espezifikoak sortzen ari dira.