Baskegurrek Egurraren VI. Astea egingo du, online, urriaren 12-18an

Baskegurrek Egurraren VI. Astea egingo du, online, urriaren 12-18an

Basogintzaren (egurra) sektorearen balio-katea balioesteko egingo diren jarduerei webgune honen bidez jarraitu ahal izango zaie: www.baskegur.eus

Baskegurrek, Euskadiko Egurraren Elkarteak, Egurraren VI. Astea egingo du urriaren 12tik 18ra. COVID-19ak eragindako osasun-egoera dela-eta, jarduerak nagusiki online izango dira. Jarduera presentzialek edukiera mugatua izango dute, eta www.baskegur.eus webgune berrian ere jarraitu ahal izango dira.

«Basogintzaren (egurra) sektoreak etorkizun oparoa dauka; izan ere, bioekonomia garatzeko giltzarri izango da, eta oinarrizkoa Euskadik ere Europako Garapen Jasangarrirako Estrategiari jarrai diezaion. Egia da garai konplikatuak bizitzen ari garela: banda marroiaren aurkako borrokaz gain, COVID-19ak eragin dituen ondorio ekonomikoak ditugu. Hala ere, beste sektore batzuk baino hobeto eutsi diogu egoerari –pandemiaren faserik gogorrenetan funtsezko sektore izendatu izanari esker–; horrek ahalbidetu du produkzio-ehunaren zati handi batean jarduerari eustea. Banda marroiari dagokionez, baldintza meteorologikoak 2018an baino hobeak izan direnez, orain dela bi urte baino gutxiago hedatu da. Halaber, aurrerapauso garrantzitsuak egin ditugu gaitzaren aurkako tratamendu eraginkorrak ezagutzeko, eta frogatu dugu ingurumenean kalterik sortu gabe aplika daitezkeela» dio Oskar Azkarate Baskegurreko zuzendari nagusiak.

Egurraren Astea urriaren 13an, «Basoen osasunari buruzko erronkak eta aurrerapenak» online jardunaldiarekin; gai horretan azken urteotan egin diren lanen balantzea egingo da, eta etorkizunean egin beharreko urratsak aztertuko dira. Topaketan Baskegur, Neiker eta haziko adituek, basozainen elkarteetako ordezkariek eta Zeelanda Berriko profesionalek hartuko dute parte.

Bi urtean behin, Euskadiko Egurraren Astearekin batera, Egurtek ere egiten da, oraingo honetan urriaren 14-16an. Baskegur, Egurtek antolatzen dutenen arteko bat izateaz gain, Jardunaldi Teknikoak antolatzeaz arduratzen da; horiek, oraingo honetan, bioekonomiaren garapenean ardaztuta egongo dira. «2020a giltzarria izan da Euskadiko baso-bioekonomiaren estrategia zehazteko; izan ere, Bioekonomiaren Euskal Aliantza abiarazi da eta Basotek eratu –I+Gra bideratua dagoena–. Bi foro horietan, elkartea oso presente dago; proiektuak bultzatzen ditu zura erreferentziazko material gisa kokatzeko, eraikuntzan, kimika berdean eta balorizazio energetikoan», dio Azkaratek. Jardunaldi Tekniko hauetan, bertako adituez gain, Kanadako eta Finlandiako adituak ere arituko dira.

«Mundu mailan aldarri orokorra entzuten da, energia eta produktu natural eta berriztagarriak eskatuz. Alde horretatik, optimistak gara, zura baita bioekonomiaren aldeko apustuari eustea eta petrolioarekiko gure mendekotasuna gutxitzea ahalbidetu dezakeen material ugari bakarra. Zura erabiltzean C02 isurketak eta hondakinak gutxitzen direnez, ingurumenarentzat onuragarria da».

Egurraren Astea sortzean, sektoreko profesionalen lana jendarteratzeko apustua egin zen. Ate irekien jardunaldien ordez, online bisitak egin ahal izango dira; horien bitartez, mendian, zerratokian eta zura eraldatzen den fabriketan egiten den lana ezagutu ahal izango da. Maderas Saratxaga enpresako lan-talde batekin goazelarik, errematatzaileen lana ezagutuko dugu. Maderas Aguirre familia-zerratokiaren errealitatea ere ezagutuko dugu, baita Lana kooperatibaren –mundu osoan zehar saltzen diren hiru geruzako oholak egiten dituena– egunerokoa ere. Erreportaje horiek guztiak Baskegurren webgunean emango dira; horiekin batera, sektorearentzat eta gizartearentzat baso-jabeek duten balioa erakusten duten elkarrizketak ere eskainiko dira. Gizon-emakume horiek hazten dituzten basoak giltzarri dira klima-aldaketaren aurkako borrokan, eta, halaber, giltzarri dira bioekonomiaren garapenari eusteko ezinbestekoa den lehengaia eskura izan dezagun.

Aurtengo Egurraren Astean, gonbidatutako herrialdea Finlandia izango da. Eskandinaviar herrialde hori eredugarria da bioekonomiaren arloan. Gainera, lortu du gizartearen gehiengoak ulertzea basoen paisaia- eta ekologia-balioa lotu beharra dagoela zura, baliabide moduan, produktu natural eta jasangarriak lortzeko erabiltzearekin. Basoaren kudeaketa arduratsuak, lurrak egoki kudeatuz, errentak lortzea ahalbidetzen die jabeei, eta, enpresei, produktu eraldagarri bat eskura izatea, horrela plastikoaren, erregaien eta beira gardenaren ordezko materialak lortzeko.

Egurraren VI. Astean, Baskegurren webguneko atal zabal batean lekukotasunak eskainiko dira, eta, streaming bidez, zuzenean jarraitu ahal izango dira jardunaldiak eta mahai-inguruak baso-osasunaz, bioekonomiaz eta gure basoen onura ekosistemikoez.