Euskadiko basogintzaren (egurra) sektorea
-
Baso-jabetza
Euskadiko basogintzaren (egurra) sektorearen balio-katea baso-jabeekin hasten da.
Basogintzaren alde egindako apustuari esker, 0 km-ko lehengaia dugu, eta askotariko onurak ere sortzen ditu ingurumenarekin eta ekosistemekin lotuta.
Basozainen konfederazioan elkartuta dauden Euskal Herriko baso-jabeen hiru elkarteekin batera, baso-jabeen interesak defendatzen ditu Baskegurrek, basoak bertan behera ez uzteko lan egiten du, eta lankidetza-proiektu berritzaileak egiten ditu hainbat arlotan, basoen osasunaren arloan, esaterako.
Bizkaian, 3.100 bazkidek baino gehiagok kudeatzen dute lurraldeko baso-azalera produktiboaren % 50 baino gehiago. Gipuzkoako Basogintza Elkarteak 2.527 bazkide ditu, eta probintziako basoen % 50 zaintzeaz arduratzen dira.
Azkenik, Arabako baso-jabeek lurraldeko baso landuen % 40 inguru kudeatzen dute; gaur egun, 507 bazkidek osatzen dute elkartea, eta 13.000 ha-ren jabe dira guztira.
-
Egurraren aprobetxamendua
Baso-kudeaketarekin lortutako produktuei dagokien balioa emateko, beharrezkoa da zuhaitzak mozteko, prozesatzeko eta industrietara garraiatzeko lanak egitea. Lan horiek egurra edota biomasa aprobetxatzeko lanen barruan sartzen dira.
Egurra aprobetxatzeko lan horiek zeregin horretan espezializatutako enpresek egiten dituzte, eta Euskadiko mendien ustiapen-baldintzetara egokituta daude: lurraren malda handiak, lurren eta aprobetxamendu-loteen batez besteko magnitude txikia, bide-azpiegitura, baldintza meteorologikoak, etab. Enpresa horiek, gainera, lan handia egiten dute produktuak sailkatzeko, eta hainbat xedetara bidera daitezke: altzarietarako zerratze-industriara, zurgintzara, eraikuntzara edo enbalaje eta paletak egitera, orearen eta paperaren industriara, bioenergiara, etab. Aprobetxamendu hori partikularren nahiz udalen eta aldundien mendietan egin daiteke; azken horietan, enkante publikoen bidez egiten da normalean.
Aprobetxamenduko enpresa horiek egurra ere erosten eta saltzen badute, enpresa errematatzaileen taldean sartzen dira; Euskadin, AREFOR da enpresa horien elkartea.
Aprobetxamenduko enpresa horiek egurra erosten eta saltzen ez badute, basolanen enpresen taldean sartzen dira; Euskadin, BASOLANAK ELKARTEA da enpresa horien elkartea.
-
Egurra zerratzea
Zerratze-industriaren bidez lortzen da altzariak, zurgintzako produktuak, eraikuntzarako elementuak, enbalajeak, paletak, habe beteak edo zur-xaflazko habeak, kofratu-panelak eta abar egiteko beharrezkoak diren oholak, tabloiak edo panelak.
Euskadiko zerratze-industria dibertsifikatuta dago, bai tamainari bai produktuei dagokienez, eta SECOMA eta SOGESA elkarteen bidez daude antolatuta.
-
Paleten eta enbalajeen fabrikazioa
Paletak eta enbalajeak dira egurraren erabilera garrantzitsuenetako bat, eta, oso material eraginkorra eta moldakorra izateaz gain, jasangarritasun maila handia ematen dio salgaien garraioari mundu osoan.
Euskadin, produktu horiek fabrikatzen dituzten egur-enpresa asko daude, eta AFEI da horiek ordezten dituen elkartea.
-
Altzarigintza eta zurgintza
Gure historian gehien erabili izan den materiala da egurra, eta, gaur egun, altzariak eta zurgintzako produktuak egiteko erabiltzen da; gure egunerokoan erabiltzeko elementuak ematen dizkigu, erabilera anitzeko elementuak, nortasun handikoak, naturaltasuna dutenak, arinak, sendoak eta intenporalak, ikusteko goxoak eta ukitzeko atseginak direnak, hain zuzen.
Gure mendietan dagoen kalitate handieneko egurra xede horietarako erabiltzen dute Euskadin hainbat erakundetan biltzen diren enpresek. Hauek dira erakunde horiek: EGURLANDUA, AROTZGI, ACEVI eta SEA EGURRA ETA ALTZARIA.
-
Eraikuntza nahiz eraikinetarako eta ekipamenduetarako elementuak
Egurra da herrialde askotan etxeak eta ekipamenduak egiteko gehien erabiltzen den materiala; gure historian ere hala izan da, eta etorkizunean, habitataren, dekorazioaren eta eraikuntzaren erreferenteetako bat izango da.
Eraikuntzaren egituran bertan erabil daiteke egurra, hala nola CLT paneletan, habeetan edo bilbadura arinetan, fatxadetan, leihoetan, zoruetan, etab.
Euskadin, garapen teknologiko handia duten enpresak ditugu, eraikinetarako eta ekipamenduetarako elementuen eraikuntza eta fabrikazioari erantzuteko.
-
Orearen eta paperaren fabrikazioa
Egur-zuntza da mota guztietako paper eta kartoien oinarria; eta horiek, aldi berean, aplikagarriak dira eguneroko erabilerako produktuetan (liburuak, egunkariak, enplegu higienikoak eta sanitarioak, kutxak, zakuak, etab.)
Paperaren eta kartoiaren fabrikazioan, bi motatako lehengaiek hartzen dute parte: zelulosa birjinak eta birziklatutako zuntzak.
Zelulosa birjina gure mendietatik lortzen dugu, eta era askotako produktuak ekoizteko erabiltzen da: inprimatzeko eta idazteko paperak, enbalajea, uhin-kartoia, paper higienikoa eta sanitarioa, paper bereziak…
Euskadin, hiru paper-industria garrantzitsu daude: Smurfit Kappa Nervión, Papelera Guipuzcoana de Zicuñaga eta Zubialde.
-
Baso-bioenergia sortzea
Egurra energia-iturri garrantzitsua da, eta, gizateriaren historian zehar, etxeak eta eraikinak berotzeko nahiz janaria prestatzeko erabili izan da.
Egurraren energia horren erabilera teknifikatua egiten da Euskadin, egurrezko ezpalen edo pelleten bidez; besteak beste, Biotermiak edo Ebepellet enpresek dihardute horretan.
Hainbat aplikaziotan, erregai (ezpalak edo pelletak) gisa erabil daiteke, edo energia-zerbitzuen enpresa batek lagunduta.