Baskegur egunak euskal basogintza- eta egurgintza-katea elkartuko du, Euskadiko sektore estrategikoetako baten etorkizuna eraikitzen jarraitzeko

Euskadiko Egurraren Elkarteak gaur egingo du (ekainak 25), 17:00etatik aurrera, urteroko topaketa Yimby Bilbao aretoan: Baskegur Eguna. Aurtengo edizioan, enpresak, baso-jabeak, industria, zentro teknologikoak eta erakundeak elkartuko ditu, eta, azken urtean izaniko aurrerapenak partekatzeaz gainera, Euskadirentzat estrategikoa den sektoreetako baten etorkizuna eraikitzen jarraituko da.
“Gure Basoak. Gure Zura. Gure Etorkizuna” leloarekin, Euskadiko basogintza- eta egurgintza-sektorearen topagune nagusi gisa finkatu da jardunaldia. Baskegurrek sustaturiko espazio horren helburuak dira elkartearen ikuspegia partekatzea, balio-katearen maila guztien arteko lankidetza indartzea, eta guztien aurrean aurkeztea sektorearen lehiakortasuna, berrikuntza eta jasangarritasuna bultzatzeko garatzen ari diren ekimenak.
Ekitaldiak esanahi berezia hartuko du; izan ere, erreleboa egingo da Baskegurreko presidentetzan eta Zuzendaritza Batzordea ere berrituko dute. Elkarteak, hastear duen etapa berrian, aurrera jarraituko du azken urteetan egindako lanarekin, eta basogintza- eta egurgintza-katearen posizioa indartzen segituko du, Euskadiko ekonomia-, industria- eta ingurumen-garapenerako sektore estrategikoenetako bat den heinean.
Balantzea partekatzeko eta etorkizunari begiratzeko programa
Jardunaldia goizean hasiko da. Zuzendaritza Batzordearen bilera eta Baskegurren Batzar Nagusia egingo dituzte; saio horretan, elkartearen jarduera-memoria aurkeztuko dute, eta, horrekin batera, presidente berria izendatuko dute. Baskegur Eguna 17:00etatik aurrera hasiko da. Ekitaldi horretan, urteko balantzea egingo dute, eta, besteak beste, kargua uzten duen presidentea eta kargua hartzen duena mintzatuko dira, bai eta Eusko Jaurlaritzaren Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburu Amaia Barredo ere.
Aurtengo edizioko nobedade nagusia Baskegur Talks saioen estreinaldia izango da. Espazio berri hori bereziki sortua da Euskadiko basogintza- eta egurgintza-katearen oraina eta etorkizuna definitzen ari diren proiektuetako batzuk aurkezteko bertaratzen direnei.

“Eraldaketak dakartzen errealitateak” leloarekin, profesionalek eta erakundeek zenbait esperientzia partekatuko dituzte, sektoreak erronka berriei aurrea hartzeko eta garapen-aukera bihurtzeko duen gaitasuna erakusteko.
Bloke hori abiarazteko, BITEK: lankidetza eredu bat sendotuz aurkeztuko dute, eta, saio horretan, NEIKER – HAZI Baso Unitate Mistoak jarduera-plana ezagutaraziko dute. Olatz Unamunzaga Neikerreko zuzendari nagusiak egingo du aurkezpena.
Pertsonak ardatz dituen berrikuntza teknologikoa ere jorratuko da “Exoeskeletoak: basogintzako pertsonen osasunerako eta ongizaterako zientzia” hitzaldiarekin. Aurkezpen horretan, Jon Torres Unda EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasleak (Laneko Medikuntzaren eta Erizaintzaren Katedra EHU-Osalan) hizpide izango ditu basogintzako ergonomia, segurtasuna eta lan-baldintzak hobetzeko irtenbide berriak, Hazi Fundazioarekin batera garatuta.
Halaber, zurezko basogintzari aplikatutako berrikuntzan sakontzeko aukera ere egongo da, haren kudeaketa jasangarria eta trazabilitatea hobetzeko. Baskegurreko teknikaria den Josu Azpitartek gaur egun erabiltzen eta garatzen ari diren hainbat tresna digital aztertuko ditu, hala nola Gestfore+, Innobaso, BasoApp eta EUDR araudia betetzeko aplikazioa.
Amaitzeko, “Egurraren Herria: herritarrekin konektatzeko modu berriak” izenburuarekin, Baskegurreko zuzendari nagusi Oskar Azkaratek komunikazioaren eta sentsibilizazioaren eginkizuna aztertuko du, basoaren eta egurraren balioa gizarteari hurbiltzeko tresna gisa.

Trantsizio jasangarria gidatzeko gaitasuna duen sektorea
Euskadiko basogintza- eta egurgintza-katea ez da aldaketa ekonomiko eta sozialetatik aldendurik dagoen jarduera tradizional bat; aitzitik, eraldaketa handiak bizi ditu garaiotan. Kate horrek gaitasun handia du baso-kudeaketa, industria eta berrikuntza integratzeko, eta, hori dela eta, erreferentzia bihurtu da Europa hegoaldean, bai eta agente erabakigarri ere bioekonomia eta ekoizpen-eredu jasangarriagoetarako trantsizioa bultzatzeko.
Azken urteotan, sektoreko enpresek inbertsio handiak egin dituzte industria modernizatzeko, prozesuak automatizatzeko, digitalizazioa sustatzeko, biomasa balorizatzeko edo balio erantsi handiko produktu berriak garatzeko. Ildo horretan, Euskadiko industria-proiektu garrantzitsuenetako batzuk bultzatu ditu sektoreak, eta indartu egin du basogintza- eta egurgintza-kate osoaren lehiakortasuna.
Horretaz gainera, programa publikoak bultzatu dira, neurri eta trakzio-gaitasun handiko industria-proiektuak ahalbidetzeko. Aldi berean, sektoreak erronka erabakigarriak ditu aurrez aurre etorkizuna definitzeko: bertako egurraren eskuragarritasuna bermatzea, basoen osasuna indartzea, basoen erresilientzia hobetzea klima-aldaketaren aurrean, basoen produktibitatea areagotzea, talentua erakartzea, eta jakintza eta berrikuntza sortzen segitzea. Erronka horiek lantzeko, ezinbestekoa da balio-kateko eragile guztien arteko lankidetza.
Euskadik 400.000 hektarea inguruko baso-azalera du, basogintza- eta egurgintza-sektoreak 19.000 enplegu inguru batzen ditu, eta sektoreko enpresek baliatzen duten egurraren % 70 inguru bertako basoetatik dator. Hori horrela, basogintza- eta egurgintza-katea da Euskadiko gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-aktibo nagusietako bat. Baskegur Eguna topagune garrantzitsua izango da aurten ere etorkizuneko ikuspegi hori partekatzeko, eta indartu egingo du baso-kudeaketa jasangarrian, industria-berrikuntzan eta balio-kateko eragile guztien arteko lankidetzan oinarritutako garapen-eredu baten aldeko konpromiso kolektiboa.