Ebaki, Etorki, Grupo Gámiz eta Lana S. Coop. bazkideak Baskegurrekin batera talde-misioan joango dira Nanteseko Carrefour International du Bois azokara

Ebaki, Etorki, Grupo Gámiz eta Lana S. Coop. enpresak Baskegurrekin batera talde-misioan Carrefour International du Bois (Nantes) azokara joango dir ekainaren 2an, 3an eta 4an.
CIB, biurteko azoka, gure sektorearen Europako hitzordu nagusia da, eta sektorearen erreferentziazko barometro handietako bat. 2024an egin zen azken edizioan, 40 herrialdetako 637 erakusketari eta 14.000 bisitari profesional baino gehiago bildu ziren.
Enpresa-misio bateratu honen helburu nagusiak dira euskal eraldaketa-enpresen produktuak publiko profesionalari aurkeztea eta baso-egur katearen balioa nabarmentzea “Madera del País Vasco – Bois Basque Country” markaren bidez.
“Gure asmoa da Euskadiko baso-egur sektorearen nazioartekotzea bultzatzea eta, nazioarteko garrantzi handiko topaketa honetatik abiatuta, lehen eta bigarren eraldaketako gure produktuen kalitatea eta aniztasuna erakustea. Ekintza honek aukera paregabea eskaintzen du gure enpresentzat estrategikoa den merkatu batean merkataritza-harremanak sendotzeko”, adierazi du Oskar Azkarate Baskegurreko zuzendari nagusiak.
Baskegur (GP-D22), Ebaki XXI (GP-E17), Etorki (GP-D24), Grupo Gámiz (GP-E21) eta Lana S. Coop. (GP-D20) enpresen standak, “Madera del País Vasco – Bois Basque Country” markaren pean elkartuta, Nanteseko “La Beaujoire” Erakustazokan dagoen Gran Palais pabiloian kokatuko dira.
Ebaki XXI Estatuko ekoizpen-ahalmen handiena duen zerrategia da. Muxikako enpresa liderra da zerratutako egurraren estatu mailako merkatuan, Europan “finger clear” produktuan, eta erreferentea da paleten eta pelletsen fabrikazioan.
Etorki, 1984az geroztik, Mondragon Korporazioaren parte den pinu radiataren zerraketan erreferentziazko enpresa da. Egurraren lehen eraldaketaren ordezkari nabarmena izateaz gain, Arabako enpresa hau lehortze industrialean espezialista da. Gaur egun, bere ekoizpen planta berria martxan jartzeko prozesuan murgilduta dago.
Bestalde, Arabako Gámiz enpresa proiektu enblematikoetan parte hartzeagatik da ezaguna, teknologia eta kalitate handiko lehen eta bigarren eraldaketako produktuei esker: habe laminatuak, profil laminatuak, ohol alistonatuak, ezpala edo zerrautsa.
Lana, Oñatiko enpresa, egurrezko enkofratuen eta pelletsen fabrikazioan liderra da. DNA berritzailea du kalitatezko, seguruak eta lehiakorrak diren bigarren eraldaketako produktuak ekoizteko. Lana Mondragon Korporazioaren parte da.
Enpresa-misio bateratu honek Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren babesa du.