Euskadipreben jardunaldiak egurrezko basoen balio kateko lan segurtasuna aztertu du

Baskegurrek, Osalanek eta Aztik antolatuta, Prisma Forestal proiektuaren barruan, EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolan Euskadipreben basogintza jardunaldia egin da. Topaketak baso-jarduera sakon aztertu du, lan-segurtasunaren eta prebentzioaren ikuspegitik. Euskadipreben 2019-2025 Euskadiko Elikaduraren eta Egurraren Balio Katearen Laneko Segurtasun eta Osasunerako Estrategia Sektoriala da.
Jardunaldian zehar, Baskegurreko teknikari den Josu Azpitartek gidatua, Osalanek kontzientziazio eta komunikazio-beharrak, baso-ustiapen eta silbikultura bezalako jarduerak azpimarratu ditu. Jarduera horiek istripu-tasa altuak dituzte, eta maiz izaten dira segurtasun-protokoloak betetzea zailtzen duten lan-baldintzak.
Itxaso Paul-ek, Osalan-Bizkaia erakundeko Laneko Arriskuen Prebentzioaren Arloko arduradunak, sektoreko lan-istripuen aurkako erakundearen premiazko esku-hartze planaren ildo nagusiak azaldu ditu. Bertan, honako hauek azpimarratzen dira: laneko arriskuen prebentzioa enpresetan integratzeko beharra araudiaren betetze-maila handitzea, basozainen eta mendietako teknikarien prebentzio-prestakuntza. Era berean, prebentzio-kultura areagotzeko eta Prebentzio Zerbitzu Mankomunatua eratzea sustatzeko deia egin da.

Gorka Altunak (HAZIren baso arloa), Narciso Mazasek (Osarten Koop.-eko prebentzio-teknikaria) eta Jon Torres-Undak (EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea) exoeskeletoek baso-sektoreko profesionalen osasunean eta ongizatean duten eraginari buruzko azterlan praktikoa aurkeztu dute. Lanak erabilgarritasun eta gogobetetze-maila onak erregistratu ditu.
Jardunaldia amaitzeko, bi mahai-inguru egin dira. Alde batetik, baso-sektoreko arduradunak bildu dira, eta bestetik, administrazio publikoko arduradunak. Prebentzioarekin eta baso-segurtasunarekin lotutako gaietan iritziak eta hobekuntza-proposamenak trukatu dituzte.

Topaketatik ateratako ondorio nagusien artean prebentzio-zerbitzuen rola aldarrikatzea, zenbait lan-en mekanizazioaren garrantzia, komunikazio-kanalen hobekuntza, bai erakunde-mailan bai sektore barruan, eta istripu-tasak murrizteko prestakuntza espezifikoaren beharra nabarmendu dira.

Ekimen hau Baskegurrek antolatutako XI. Egurraren Astearen jardueren programazioaren parte izan da.