Abian da “Egurraren Herria. Bosque Country” kanpaina ibiltaria gasteizen, eta euskadiko zenbait udalerri zeharkatuko ditu datozen hilabeteetan

Abian da Gasteizen “EGURRAREN HERRIA. BOSQUE COUNTRY” kanpaina ibiltariaren unitate mugikorra. Urriaren 1etik 3ra bisitatu ahal izango da Arabako hiriburuko Andre Maria Zuriaren plazan, 9:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Kamioi handi bat da, kanpainaren leloa eta Euskadiko basoen panoramika bat biltzen dituen binilo batekin apaindua. Hala, ehunka kilometro egingo ditu euskal basogintza eta egurgintza-sektorea euskal herri eta hirietara hurbiltzeko. Ekimen honen helburua da bertako egurraren alde egiteak duen garrantzia balioestea, karbono gutxiko baso ekonomia zirkular baten oinarri gisa.
Material fosilak eta petrolioaren deribatuak baliatu beharrean, modu jasangarrian kudeatutako egurrak bestelako alternatiba berriztagarri bat eskaintzen du, emisioak murrizten laguntzen duena. Horretarako, kanpainak eraldaketa hori posible egiten duten pertsonak ikusarazten ditu: mendiak zaintzen eta birsortzen dituen baso-jabeak, kudeaketa arduratsua bermatzen duten basolanetako enpresak, eta are egurra eraikuntzarako, altzarietarako edo bilgarrietarako produktu berritzaile eta jasangarri bihurtzen duten industriak.
“Urteak daramatzagu inplikatutako eragileen eta erakundeen arteko erlkarlanean. Lankidetza honen aldeko apustua egiten jarraitu behar dugu, Euskadiko egurraren alde egitea aberastasunaren eta enpleguaren alde egitea ere bada. Horregatik, herritarrak ekimen honetara hurbiltzera eta ezagutzera gonbidatu nahi ditut. Izan ere, Euskadiko basoen babes eta kontserbazioaz kontziente den gizarteak bermatuko digu herrialde honen etorkizuna berdea eta ekoeraginkorra izatea.” Amaia Barredo, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua, azpimarratu du.
Gasteizko geldialdiaren ondoren, erakusketak Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako hogei udalerri inguru zeharkatuko ditu urrian eta azaroan. Unitate mugikorra urriaren 17an iritsiko da Bilbora, eta Donostiara, berriz, azaroaren 14an. Kanpaina horrek datozen urteetan ere jarraituko du, eta herritar guztiak euskal basoen errealitatera hurbiltzeko ekimen gehiago antolatuko ditu. Lehenbiziko fase honetan, espero da 3.000 ikasle inguruk bisitatuko dutela unitate mugikorra datozen bi hilabeteetan, eta, horietaz gainera, kamioia beren kabuz bisitatuko duten milaka pertsona ere espero dira.
PEFC Euskadi, hiru foru-aldundiak, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saila, Hazi Fundazioa eta Baskegur Euskadiko Egurraren Elkartea izan dira kanpainaren bultzatzaileak. Horretaz gainera, unitate mugikorra Europar Batasuneko Next Generation funtsen bidez finantzatu da, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren barruan.
Hezkuntza, murgiltze-esperientziak eta sei kontakizun Kamioia zabaldu egiten da, eta, irekitzean, aproposko leku bilakatzen da bisitariek basogintza- eta egurgintza-sektorearen balio-katea zeharkatzeko, ikus-entzunezko eduki digitalekin interakzioan aritzeko eta modu ludikoan ikasteko. Espazio hau bereziki diseinatuta dago ikasi bitartean dibertitzeko. Erakusketaren barruan zenbait elementu daude:
– Egurrezko produktuen erakusketa, hala nola bizikletak eta eraikuntza- eta arotzeria-oholak, erakusteko nola ateratzen diren zuhaitz batetik askotariko objektu erabilgarriak. Hala, balioa ematen zaie euskal enpresek baso-kudeaketa jasangarriari esker egiten dituzten proiektuei, bai eta ekonomia berdearen alde apustu egitearen garrantziari ere.
– Dinamika interaktiboak, hala nola escape room bat, sektoreko datuetan oinarritutako pistekin.
– Joko didaktiko bat eta panel grafiko bat; haien bidez, ikus daiteke zer alde dagoen erregai fosiletatik eratorritako eredu linealen eta egurra (baliabide natural eta berriztagarria) modu jasangarrian kudeatzearen artean, bai ingurumenaren aldetik, bai gizarteari dagokionez.
– Tabletak eta joko digitalak, baso-kudeaketa jasangarri eta zirkularrari buruz modu ludikoan ikasteko.
– Ñupi pertsonaia; bisitariak gidatzen dituen iratxo bat da eta zuhaitz baten bizi-zikloa azaltzen du (hain zuzen ere, mozketa, eraldaketa, birlandaketa eta aprobetxamendu arduratsua azaltzen ditu). Baskegurrek sortua da pertsonaia hori, ikasleen artean PEFC baso kudeaketa jasangarri eta ziurtatuaren garrantziari buruzko kontzientzia pizteko.
– Infografia sektorialak, enpleguari, produkzioari eta ingurumen-onurei buruzko datuak ezagutzeko aukera ematen dutenak.
Ibilbide horren barruan, pantailak ere egongo dira, kanpainaren protagonisten bideoak proiektatzeko. Bideo horiek balio-katearen faseak eta herritarrek basoekin duten harremana irudikatzen dituzte; hala, bisitariek sektorea osorik ezagutu eta ulertu ahal izango dute, eta, gainera, ikasiko dute zer-nola lan egiten duten basoak zaintzen eta zura eraldatzen jarduten dutenek eta zer gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-onura sortzen dituzten:
– “Hemen hazten da etorkizuna” – María José Zubillaga, familia-basoak zaintzen dituen baso-jabeen ordezkaria.
– “Baso kudeatuak, baso seguruagoak” – Iñaki Garmendia, mendien kudeaketa jasangarria, biodibertsitatea eta segurtasuna bermatzen dituen basozaina.
– “Zuhaitz bat moztu, eta sei landatu” – Alexander Olmos Gil, basoak osasuntsu mantentzen dituen eta tokiko egur berriztagarria hornitzen duen baso-langilea.
– “Kontsumitu hemen bertako egurra, 0 km-koa” – Arturo García Arceo, tokian tokiko produktuak eta jasangarriak sortzen dituen eraldaketako profesionala.
– “Gure egurrak zure CO2 aztarna murrizten du” – Begoña Herrera, emisioak murrizteko bertako material jasangarrien aldeko apustua egiten duen herritarra.
– “Nik basoak zaintzen ditut, eta haiek ni zaintzen naute” – Garazi Ayo Larrinaga, etorkizuneko baso-ingeniaria, herritarrek ingurunearekin duten lotura eta hura hobetzeko nahia islatzen dituena.
Aste barruan, talde dinamizatzaile batek gidatutako bisitak batez ere ikasleei zuzenduta egongo dira, eta asteburuetan sarrera librea izango da helduentzat eta haurrentzat. Jarduera publikoa da, doakoa eta irisgarria mugikortasun urriko pertsonentzat.
Euskadi, ekonomia- eta ingurumen-garrantzia duen baso-herria Euskadiren % 55 zuhaiztiz estalita dago eta Europar Batasuneko ehunekorik handienetako bat da hori. Baso horietako asko titulartasun pribatukoak dira, eta baso-jabeen mende dago haien kudeaketa, bai egurra ekoizteko, bai kontserbatzeko.
Haien lanari esker, Euskadin erabiltzen den egurraren % 70 baino gehiago bertakoa da, eta eraldaketa-sektoreak 19.000 enplegu zuzen eta induzitu inguru sortzen ditu.
Kudeatutako basoek suteak prebenitzen dituzte eta funtsezko onura ekosistemikoak ematen dituzte: karbonoa xurgatzen eta biodibertsitatea babesten dute, kudeaketa hidrikoari laguntzen diote eta aisialdirako eta kirolerako espazioak eskaintzen dituzte. “Egurraren Herria. Bosque Country” kanpainari esker, gizarteak bertatik bertara ezagutu ahal izango ditu euskal basogintza- eta egurgintza-sektorearen errealitatea eta sektore horrek eskaintzen dituen produktu eta onurak. Ildo horretan, basogintzako bioekonomia zirkular bateko egur-kontsumo lokala eta jasangarria sustatzen da, eta ez eredu ekonomiko linealean eta energia-kontsumo intentsiboa eskatzen duten produktu ez-berriztagarrietan oinarritua.
PEFC Euskadi duela 20 urte baino gehiago sortu zen. Haren helburua da, batetik, euskal basoen kudeaketa jasangarria ziurtatzea eta sustatzea eta, bestetik, lurraldea egituratzen laguntzea, ingurumen-irizpideei jarraikiz. betiere ekonomia-, gizarte- eta Kanpainaren informazio eta eduki guztiak PEFC Euskadiren webgunean daude eskuragarri: www.pefc.eus.