BASO-APROBETXAMENDU ETA LANETARAKO ENPRESEK 18 MILIOI INBERTITU DITUZTE MENDIKO LANEN SEGURTASUNA, IRAUNKORTASUNA ETA ERAGIKORTASUNA HOBETZEKO

BASO-APROBETXAMENDU ETA LANETARAKO ENPRESEK 18 MILIOI INBERTITU DITUZTE MENDIKO LANEN SEGURTASUNA, IRAUNKORTASUNA ETA ERAGIKORTASUNA HOBETZEKO

Euskal Autonomia Erkidegoan lan egiten duten baso-aprobetxamenduko eta -lanetako enpresek inbertsio-ahalegin handia egin dute azken bost urteotan beren makinak modernizatzeko, gure mendietan lan egiteko eraginkortasun eta segurtasun handiagoa ekarriko duen teknologiarik modernoena izan dezaten.

Segurtasunarekiko konpromisoa da, baina baita basogintza eta egurgintza jarduera mantentzearen aldeko apustu argia ere, Euskadiko Barne Produktu Gordinaren %1,54 sortzen duena eta bere balio-kate osoan 19.000 pertsonari lana ematen diena.

Mendian erabiltzen diren makinetako inbertsioak sektoreko gainerako balio-kateetakoei gehitzen zaizkie. Izan ere, apustu handia egin du zerrategietako, bigarren eraldaketako enpresetako eta papergintzako lanak digitalizatu eta jasangarriago bihurtzeko.

Mekanizazioa eta segurtasuna

Basogintza nabarmen aldatu da azken urteotan. Lanen mekanizazioa sendotzen ari da Euskadin ere, Europako beste baso-eremu batzuekin alderatuta atzerapen pixka bat egonda ere, eskuz lan egitearen aldean dituen abantailengatik.

Shaila Olmos Arefor-eko presidentea da, Euskal Herriko baso errematatzaileak biltzen dituen elkartea. Enpresa elkartuek lursailen egurra erosten diote baso-jabetzari, eta, ondoren, egurra lehen eraldaketara, zerrategietara edo, hala badagokio, paper-industriara iristeko beharrezkoak diren baso-lanak egiten dituzte.

“Mendiko eskulana murrizten badugu, nabarmen hobetzen dugu segurtasuna; gainera, azken urteotan sektoreak erosi dituen makina berriek erosotasun-maila handia eskaintzen diete lan egiten duten pertsonei, eta honek ez du zerikusirik lehen erabilitakoekin”, nabarmentzen du Olmosek.

Euskadi Preben

Basogintza lanen mekanizazioa sektoreak berak Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzarekin batera segurtasuna hobetzeko abian jarritako beste ekimen batzuekin bat dator. Osalanekin, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearekin, urteak dira EAEko lehen sektoreko eta nekazaritzako elikagaien sektoreko lan-arriskuen prebentziorako plan sektorialen esparruan lan egiten dela, Euskadi Preben izenarekin ezagutzen dena.

EAEko enpresek erosten duten makineriaren tipologiari dagokionez, prozesadoreak, autokargagailuak, baso-garabiak, buruak eta arrastatzaileak dira garrantzitsuenak. Mendian aprobetxamendu-lanak egiteko garaian ia aldi berean lan egiten duten taldeak dira, bai azken mozketak edo bakanketak egiterakoan. 

Guifor euskal enpresak 25 urte baino gehiago daramatza Euskadiko basogintza eta zurgintza sektoreari bere jarduera gauzatzeko teknologiarik modernoena ematen, hornitzaile handienetako bat baita. Aritz García enpresako zuzendariaren aburuz, ekipamendu berriaren abantailak ugariak dira; izan ere, “egin behar den lana programatu ahal da, eta prozesuaren fase osoan zehar haren egoerari buruzko informazioa eskaintzen dute satelite bidez, edozein ordenagailutatik kontsulta daitekeena”. Gainera, “makinak denbora errealean komunikatzen dira elkarren artean, eta prozesagailutik informazioa bidaltzen zaie autokargatzaileei, arrastatzaileei eta garabiei, erantzun-denborak optimizatzeko eta eraginkortasuna hobetzeko”.

Profil kualifikatu berriak

Ingurune digital berri horietan lan egiteko gai diren pertsonak behar direnez, sektorea behartuta dago Lanbide Heziketako ikastetxeekin duen harremana hobetzera, 4.0 Basoan lan egiteko profil kualifikatu berriak izateko. “Horregatik, Areforetik sektorearen profesionalizazioan sakontzeko apustua egin dugu, eta uste dugu mekanizazioak belaunaldi berriak eta beste lanbide-profil batzuk erakarriko dituela, basogintza benetako lan-aukera gisa ikusiko dutenak”, gehitu du Shaila Olmosek.

Gaur egun, hainbat tamainatako makinak aurki daitezke merkatuan, eta honek erraztu egiten du basogintza-inguruneetan erabiltzea, hala nola desnibela handiak dituen EAEn. Hau dela eta, Euskadiko basogintza eta egurgintzaren sektoreak administrazioari eskatzen dio enpresa errematatzaileei eta baso-lanei laguntza eman diezaien mekanizaziorako bidean, eskulanaren kalterako hauen erabilera erraztuz, eta egungo araudia egokituz, sektorearen iritziz murriztaileegia baita.