Euskadik aurrera egiten du baso-kudeaketako planetarako sarbide digitalean BasoApp-ekin

Euskadik aurrera egiten du baso-kudeaketako planetarako sarbide digitalean BasoApp-ekin

Euskadiko baso-egur sektorea hainbat proiektu bultzatzen ari da balio-katea digitalizatzeko, baso-jabetzatik hasita eta bai baso-lanetatik bai lehen eta bigarren eraldaketako industriatik igarota. Euskal mendien baso-kudeaketa iraunkorra errazteko Basoekin – Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako basogintza elkarteek beren bazkideen mendien kudeaketa errazteko sortutako elkartea –, Baskegur – euskal basogintza eta zurgintza sektore osoa biltzen duen erakundea – eta Batura – digitalizazioan espezializatutako enpresa – BasoApp jarri dute abian. Gailu mugikorretarako aplikazio bat da, eta Androiderako eta IOSerako bertsioa izango du. Telefono edo tablet batean kudeaketa-planen eduki osoa ikusi ahal izango da, egin beharreko lanak denboran mugatuta, eta, gainera, mapan partzelak kokatu ahal izango dira GPS kokapenari esker.

Josu Azpitarte Baskegurreko teknikariak azpimarratu duenez, proiektuak aukera emango du baso-kudeaketa jabe berrien belaunaldietara hurbiltzeko, gazteagoak direnak eta teknologia mugikorrak erabiltzen ohituagoak daudenak. Horrela, adin handieneko jabeen eta haien seme-alaben artean jarraipen handiagoa izango da. Gainera, proiektuaren beste bertuteetako bat da basoa kudeatzeko plan bizia izatea, hasierako planeko desbideratzeak denbora errealean jaso ahal izateko eta PEFC ziurtagiriak eskatzen duen bezala justifikatzeko.

BasoApp-ek bizkortu egingo du, halaber, baso-jabetzaren eta Euskal Autonomia Erkidegoan baso-kudeaketaren eskumena duten foru-aldundien arteko harremana; izan ere, aplikazioa zerbitzari publikoekin komunikatu ahal izango da, bai lur sailak geolokalizatzeko, bai jarduera-planean aldaketarik izanez gero, horren berri emateko.

BasoApp digitalizazio-proiektua Batura Mobile enpresa espezializatuak garatu du, eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak, LGENFk eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak finantzatzen dute.