BASKEGURREN MISIO BATERATUA HANNOVERKO LIGNA AZOKARAKO

BASKEGURREN MISIO BATERATUA HANNOVERKO LIGNA AZOKARAKO

Alemanian ospatzen da, maiatzaren 15etik 19ra

10 enpresatako 19 profesionalek osatzen dute Hannoverko LIGNA azokarako Baskegurren misio bateratua. Nazioarteko erakusleiho bihurtu da azoka hau, enpresek beren produkturik berritzaileenak erakuts ditzaten. Euskadiko Zuraren Elkarteko presidentea, Federico Saiz izango da EAEko ordezkaritzaren burua, basogintzaren eta zuraren sektoreko balio-kate osoko kideek osatzen dutena. LIGNAn sektore osoari eragiten dioten gaiak landu eta irtenbideak eskaintzen dira.

Misioa sektorearen nazioartekotzea eta lehiakortasuna sustatzeko Baskeguren ekintzen parte da, Eusko Jaurlaritzaren Basque Country estrategiaren laguntzarekin.

Harremanak indartu

Euskal ordezkaritza maiatzaren 17an iritsiko da Hannover-era, azoka ofizialki hasi eta bi egunera, eta lan-agenda bizia izango du Europako antzeko beste erakunde batzuekin. Euskal enpresek bezeroekiko harremana indartuko dute, eta bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte basogintzan eta zura eraldatzeko makinetan egindako aurrerapenak, 105.000 m2-ko azaleran banatuak, 1.200 proposamen baino gehiagorekin.

Berritasun gisa, edizio honetan, Euskadik berezko eremua izango du Europako Baso Institutuaren (EFI) erakustokian, Europako beste baso-eskualde batzuekin partekatutako Bioregions aliantzaren barruko ekimenak ezagutzera emateko, hala nola Iparreko Carelia (Finlandia), Westphalia (Alemania) eta Katalunia.

Bioregionsen nazioarteko aurkezpenaren esparruan, maiatzaren 18an eztabaida-mahai bat antolatu da, eskualde bakoitzak zuraren industria eta ikerketa- eta berrikuntza-prozesuak sustatzeko dituen ekimenen berri emateko. Oskar Azkarate Baskegurreko zuzendari nagusiak hartuko du parte topaketan, aliantza osatzen duten gainerako eskualdeetako ordezkariekin batera.

Digitalizazioa eta bioekonomia

Basogintza eta zuraren sektoreak erronka asko ditu etorkizunari berme osoz aurre egiteko, eta LIGNAn denak egongo dira. Edizio honetako erreferentziak nagusiak digitalizazioa -Euskal Autonomia Erkidegoan urrats garrantzitsuak eman dituen 4.0 Industria ezartzearekin-, bioekonomiaren aldeko apustua, balio jasangarria sortzearen aldeko apustua eta Europan zurez eraikitzeko irekitzen diren aukerak izango dira.

Baskegurrek eguneroko informazioa eskainiko du bere webgunean eta sare sozialetan, euskal ordezkaritzaren bisitak irauten duen hiru egunetan bildutako misioaren jarduerei buruz.