Biomasa, 0 km-ko erregaia Gas eta Petrolioarekiko mendetasuna murrizteko

Biomasa, 0 km-ko erregaia Gas eta Petrolioarekiko mendetasuna  murrizteko

Egurretik deribatutako erregaiak berriztagarriak dira, tokiko enplegua sortzen dute eta neutralak dira klima-aldaketaren aurrean. Euskadin, egurrezko erregaiak energia berriztagarri nagusia dira dagoeneko, baina badugu aukera haien ekoizpena nabarmen handitzeko, eta, hortaz, petrolioarekin eta –bereziki- gas naturalarekin dugun mendetasun handia murrizteko. Egia da biomasaren prezioak ere gora egin duela, inflazio orokortuko testuinguru batean, baina berokuntzako gas edo gasolioa baino askoz ere alternatiba errentagarriagoa izaten jarraitzen du, erregai horien prezioak igoera izugarriak izaten ari baitira.

Baskegurren bazkide den Biotermiak enpresak esperientzia luzea du ingeniaritza-zerbitzuetan eta biomasa-sistemak instalatzeko, mantentzeko eta hornitzeko zerbitzuetan; izan ere, horrelako sistemek jadanik funtzionatzen dute instalazio komunitario ugaritan, hala nola kiroldegi eta ikastetxeetan.

Orobat, azpimarratzekoa da biomasa erreferentziazko ikerketa-zentrotan erabiltzen dela -Tecnalia, Neiker eta Tknika, besteak beste-, baita Ertzaintzak hiru lurraldeetan dituen instalazio nagusietan ere. Halaber, auzo osoei zerbitzua ematen dieten bero-sareak ere hedatu dira, horrek oso aurrezpen esanguratsuak sortzen baititu berokuntzaren fakturan.

Berriztagarrien alde egitea

Gaur egun, Euskadin gehien kontsumitzen diren energiak petroliotik (garraiorako) eta gas naturaletik (elektrizitatea ekoizteko eta industria zein etxebizitzen kontsumorako) deribatutakoak dira.  Bi energia forma horien artean gure osoko kontsumoaren % 80 betetzen dute, eta kanpoaldearekin dugun mendetasun handiaren gakoa dira.

Euskadin kontsumitzen dugun elektrizitatearen ia % 50 geure lurraldean bertan sortzen da, baina proportziorik handiena (% 90) gas naturaletik abiatuta ekoizten da.

Energia berriztagarrien ekarpena, oro har, txikia da oraindik ere. Erantsitako taulan ikusten denez, guztira sortzen diren 6.533 ktpb-etatik 604 ktpb soilik -% 9,25- datoz iturri berriztagarrietatik, hau da, oso urrun gaude Europako batezbestekotik. Biomasa erabiltzea eta beste energia berriztagarri batzuk (eguzki-energia eta eolikoa, adibidez) bultzatzea alternatibarik onena da gure mendetasuna murrizteko eta deskarbonizaziorako europar helburuak betetzeko.

Zer egin dezakegu gas naturalarekin dugun mendetasuna murrizteko?

Biomasaren erabilera bultzatzea alternatiba azkar eta ekonomiko bat da, jarduera ekonomikoa sortu eta ingurumena errespetatzen duena.  Gure lurraldeko berezko baliabide bat da, eta hornidura berriztagarriko 0 km-ko iturri bat ere bai.

Energia berriztagarrien osoko ekarpena % 9,25 dela eta biomasa ekarpena horren % 62,4 dela konsideratuta, kontua da gaur egun Euskadin kontsumitzen den energia guztiaren % 5,7 biomasatik datorrela. Zifra esanguratsua da. Izatez, biomasaren kontsumo energetikoa euskal industria osoak kontsumitzen duen gas naturalaren erdiaren baino gehiagoren baliokidea da, eta etxebizitzen sektoreak eta zerbitzuen sektoreak batera kontsumitzen duten gasaren zifra gainditzen du. Beraz, ez da energia-iturri anekdotiko bat, inola ere ez.

Eta, izatez, bideragarria da biomasaren erabilera aprobetxatu dezaketen ekipamenduen eta—batez ere- industrien kantitatea areagotzen jarraitzea; izan ere, gaur egun pelleten ekoizpenaren erdia esportatu egiten da, Euskadin ez dugulako haren kontsumorako instalazio gehiagorik –hori da arrazoi bakarra-.

Gainera, badugu egurrezko erregai gehiago ekoizteko ahalmena, hala nola ezpalak, gure mendien baso-kudeaketatik abiatuta. Jasangarria izan dadin, baso-kudeaketa hori ekosistemak neurri handian eraldatu gabe egin behar da, eta gure baso-inbentarioa modu iraunkorrean mantentzeko bermeekin.

Egur-tradizioa duten herrialde batzuetan, hala nola Suedian edo Austrian, euren basoaren hazkundearen zati handi bat ustiatzen dute urtero, haien baso-mazizoen bolumena zentzu positiboan apur bat mantenduz.

Euskadin, aldiz, moztutako egurraren ehunekoa zifra horien azpitik dago, alde handiz, baliabidearen urteko hazkundea erreferentziatzat hartuta. Erauzketa handiagorik ez egiteko arrazoi bat egur horren erauzketaren kostu handia da, zeren ez baitago gastu horiek estali ditzakeen eskaririk –erauzketa handiago hori, bestalde, lagungarria izango litzateke mendi ez-produktiboen kontserbazioa hobetzeko-.

Hala eta guztiz ere, gas eta petrolioaren oraingo prezioak eta epe ertainera aurreikusten direnak ikusita, biomasaren ustiapen horrek eskatzen dituen baso-jardueren kostua justifikatuta geratuko litzateke, alde handiz, eta jarduera bideragarria izango litzateke ekonomikoki,  landa-inguruneetan lanpostu berriak eta aberastasuna sortzeaz gain.

Landatzen diren zuhaitzek CO2-a xurgatzen dute, eta horrek egurra sortzera darama. Erabilera energetikoa denean, egurrezko erregai horiek atmosferara itzultzen dute xurgatu egin duten CO2-a, baina landaketa berri bat CO2 hori xurgatzen hasten da berriro berehala, eta horrek CO2-aren ziklo itxi bat sortzen du, egurrezko erregaiek klima-aldaketan izan lezaketen efektu oro blokeatuz. Horregatik, 0 km-ko biomasaren erabilerak klima-neutraltasunera hurbiltzen du Euskadi, hots, gizarte gisa onartu behar dugun eta 2050erako lortzeko konpromisoa hartu dugun klima-neutraltasunera.