Baskegurrek euskal Hezkuntza Sailarekin konpartitzen du bioekonomia eta baso-/egur-hezkuntza garatzeari begira Joensuu-rekin (Finlandia) garatzen duen lana

Baskegurrek euskal Hezkuntza Sailarekin konpartitzen du bioekonomia eta baso-/egur-hezkuntza garatzeari begira Joensuu-rekin (Finlandia) garatzen duen lana

Baskegurrek, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzarekin batera, harreman estua du Joenssuko hezkuntza- eta enpresa-komunitatearekin. Horren arrazoia da Ipar Kareliako eskualde finlandiar horrek nazioarteko aitortza lortu duela baso-bioekonomia zirkularra garatzearen alde egin duen apustuagatik.

Martxoaren 25ean –ostirala- eta 26an –larunbata-, Baskegurreko zuzendari nagusi Oskar Azkaratek Joensuuk egurrari ematen dion garrantziaren adibide batzuk erakutsi zizkion EAEko hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzi, bai eraikuntza-irtenbideen garapenari dagokionez eta bai petrolioaren deribatuak ordezten dituzten produktu berrien sorrerari dagokionez. Halaber, erakutsi zion nola eraiki daitekeen errelatu bat oraingo eta etorkizuneko belaunaldiek ulertu dezaten egurraren moduko baliabide jasangarri eta berriztagarri bat izatearen garrantzia.

Hezkuntza sailburuaz gain, Joensuu Bioacademy Finland, Bussines Joensuu eta Eduparken egiten den lanari buruzko bisita eta azalpen-hitzaldietan Hezkuntza sailburuorde Begoña Pedrosa eta saileko Administrazio eta Zerbitzuen sailburuorde Xabier Aizpurua ere egon ziren. Hizlariak, berriz, Auli Leskinen, Karthikeyan Natartajan eta Timo Tahvanainen izan ziren.

Eraikuntzari dagokionez, euskal ordezkaritzak egurrez osorik eraikitako eskola eta institutu batzuk bisitatu zituen, eta baita Joensuuko unibertsitate-campusean kokatutako ikasleen egoitza ere: 12 solairuko eraikin handi bat, Lighthouse izenez ezaguna. CLT egurrez egindako eraikin hori Finlandiako bigarren eraikin altuena da.

Beskegurrek eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako Sailburuordetzak Finlandiarekin duten harremanak ahalbidetu du bioekonomia sustatzera zuzendutako lankidetza-proiektu batzuen garapena, eta baita enpresen eta ikastetxeen arteko lankidetza sustatzen duen hezkuntza-sare bat sortzearen aldeko apustua ere.