Baskegur Bioaraban izango da, modu jasangarrian kudeatutako basoetako egurrez egindako tokiko produktuen erabilera eta kontsumoa defendatzeko

Baskegur Bioaraban izango da, modu jasangarrian kudeatutako basoetako egurrez egindako tokiko produktuen erabilera eta kontsumoa defendatzeko

Euskadiko Egurraren Elkartearen stand ibiltariak sektoreko balio-katea osoa ezagutzea ahalbidetuko die bisitariei, menditik hasita eta produktuen fabrikaziora iritsiz.

Baskegur Bioarabaren hurrengo edizioan egongo da. Produktu ekologiko, bizimodu osasuntsu eta kontsumo arduratsuaren azokaren VII. edizioa martxoaren 18tik 20ra bisitatu ahal izango da Gasteizko Iradier Arenan.

“Baskegurrek Bioaraban parte hartuko du, horri esker ezagutzera eman diezaiekegulako Arabako jendeari eta Euskadiko gainerako lekuetatik datozen bisitariei euskal baso-/egur-sektoreak tokiko egurraren eta 0 km-ko produktuaren alde egiten duen apustua, horren bidez sortzen den aberastasuna eta lurraldeaz egiten den egituraketa erakutsiz”, azpimarratu du Baskegurreko Zuzendari Nagusi Oskar Azkaratek.

Azkarateren iritziz, Bioarabaren moduko azokak aukera ona dira herritarrek ezagutu ditzaten egurrez egindako produktuak eta haien kontsumoa areagotu dadin; izan ere, Euskadin kontsumo hori Europako iparraldeko eta erdialdeko gizarteena –Alemania edo Finlandia, adibidez- baino askoz ere txikiagoa da.

Euskadiko Egurraren Elkarteak Bioarabara eramango duen standa sektoreak jasangarritasunaren alde egindako apustuaren isla garbia da. Erraz garraiatu eta berrerabil daitekeen tokiko egurrez egindako moduluez egindakoa da. Bere azalpen-panelei esker ezagutu daiteke nola egiten den basoaren kudeaketa jasangarria, PEFC eta FSCaren moduko nazioarteko ziurtapen-irizpideei jarraituz, eta egurretik lortu daitezkeen produktuen kantitate izugarrira hurbildu gaitezke; produktu horiek, gainera, euren lanen kalitateagatik Europan ospe aitortua duten euskal enpresek egindakoak dira.

Lehen eta bigarren transformazioaren euskal enpresei esker, honako produktu hauek ditugu: egurrezko eraikuntzarako materialak, zurgintzako produktuak, altzariak, eta material berriztagarriz eginda dauden eta erregai solidoetatik deribatutako produktuak ordezkatu ditzakeen bilgarriak.

Baskegurrek Bioarabaren alde egin duen apustua ez da une honetarako soilik izango; aitzitik, lurralde bakoitzean inguruneari lotutako kontsumo-eredu jasangarriagoen aldeko apustua sustatzen duten azoken egutegiari atxikiko zaio, hala nola Bioterra Gipuzkoan eta Berdeago Bizkaian.

Azokaren hiru egunetan, Bioarabak produktu ekologikoen kontsumora, garraio jasangarrira eta energia berriztagarrietara zuzendutako espazioak eskainiko dizkie bisitariei; halaber, beste eremu batean, bioekonomiaren euskal estrategia garatzearen alde lan egiten duten erakunde eta elkarteek –Baskegurrek bezala- euren apustua erakutsi ahal izango diete herritarrei.