Basoen kudeaketa jasangarriak klima aldaketari aurre egiteko bete dezaketen rola aldarrikatu du euskadiko basogintzaren eta zuraren sektoreak

Basoen kudeaketa jasangarriak klima aldaketari aurre egiteko bete dezaketen rola aldarrikatu du euskadiko basogintzaren eta zuraren sektoreak

 

Baskegur elkarteak nabarmendu du oso garrantzitsua dela basogintzaren eta zuraren sektorea, administrazioaren eta gizarte osoaren aliatu gisa, COP26ko helburuak asmo adierazpen hutsa izan ez daitezen eta eztabaidatik ekintzara igaro ahal izan dadin. 

 

Joan den urriaren 31tik datorren azaroaren 12ra arte Glasgowen ari dira egiten COP26 goi bilera, erronka hau lortzeko asmoz: herrialde garatuenek beren gain hartzea munduko tenperaturaren igoera 1,5 °C baino gutxiagora mugatzeko konpromisoa. Helburu hori lortzen ez bada, berotze globalak hainbat ekosistemari egingo dio kalte, hala nola basoei, eta hain zuzen haiek dira CO2a harrapatzeko aliatu onenak.

 

Zenbait erakundek (adibidez, PEFC International) baso ziurtapenen garrantzia modu aktiboagoan defendatzeko eskatu diete Glasgowen bildutako estatuburuei, jasangarritasuna eta zuraren erabilera bermatu dadin; izan ere, funtsezko baliabidea da eta izango da erregai fosilekiko mendekotasuna murrizteko Europaren nahiz mundu osoaren estrategian. Baskegurrek, euskal basogintzaren eta zuraren sektorearen ordezkari den aldetik, bere egin du aldarrikapen hori. Gure basoen kudeaketa jasangarria funtsezkoa da ekonomia garatuek karbono baxuko ereduetaranzko trantsizio berdea egin ahal izan dezaten.

 

Egoki kudeatzen bada, zuraren ziklo jasangarriak aukera ematen du azken produktuetan CO2a biltegiratzeko (esaterako, eraikuntzan, enbalajeetan edo altzarigintzan) eta zuhaitz berriak landatzeko, karbonoa harrapatzen eta klima aldaketa murrizteko helburua lortzeko laguntzen jarraitu dezaten.

Material plastikoak, aluminioa, zementua… fabrikatzeko, erregai fosilen kantitate handiak behar dira. Gainera, ondorengo garraioan gehitu egiten dira kantitate horiek. Baso sailak une egokienean moztuta, zuraren barruan “bahitutako” CO2a amaierako produktuan bukatzea ahalbidetzen da, eta produktu hori ez da izango inoiz hondakin bat, betiere berreskuratu eta berrerabili ahal izango baita, zurarekin, kartoiarekin eta paperarekin gerta bezala. Horretan datza basoko bioekonomia zirkularra. 

Ildo horretan, euskal basogintzaren eta zuraren sektoreko enpresek beren prozesuak hobetzeko lan egiten dute, eta zuraren eraldaketan ekoizten den karbono aztarna murrizteko. Bere elkartekideen artean Produktuaren Ingurumen Adierazpenak sustatzen ditu Baskegurrek (ezagunena EPD ziurtapena da). Izan ere, adierazpen horiek funtsezko tresnak dira ingurumenari dagokionez produktuak zenbateraino jasangarriak diren neurtzeko, ekosistemak askoz ere gehiago kutsatzen eta hondatzen dituzten beste ondasun batzuekin alderatuz gero.

Baskegurrek berak, 2017an, pinu beltzez egindako taula edo oholetarako Produktuaren Ingurumen Adierazpen sektoriala lortu zuen. Hala, ingurumen ziurtagirien erabileran Europako erreferente gisa kokatu zen Euskadiko basogintzaren eta zuraren sektorea. 

 

Basoaren kudeaketa jasangarria sustatzen dugu

Gure basoen kudeaketa jasangarriari esker, basojabeek inbertsioaren itzulkin justua lortzen dute, enpresa eraldatzaileek eta gizarteak baliabide natural bat izan dezakete, petrolioaren deribatuekiko mendekotasuna mugatuko duena, eta mozketen ostean berriz zuhaitzez landatu daitezke lursailak, zikloari eusteko eta zuhaitz berriek CO2a harrapatzen eta kutsaduraren aurkako borrokan laguntzen jarraitu dezaten. 

Kudeatutako basoa suteen kontrako aliatu onena da. Basojabeen lanari esker, Euskadin eta Europan arian-arian handitzen ari da zuhaiztien azalera. Basoek ekosistemako zerbitzuak ere ematen dituzte: adibidez, herritarrek haietaz goza dezakete, baliabide hidrikoen kudeaketa hobetzen dute, baita higadura murrizten ere.

Europa mailan, basogintzaren eta zuraren sektoreak urteak daramatza askotariko programak garatzen, enpresak arduratsuak izan daitezen, ziurtatutako zero kilometroko egurraren erabilera susta dadin eta, beste latitude batzuetatik datorren zura erabiliz gero, iturri fidagarri eta arduratsuetakoa dela bermatu dadin. Baskegurrek Life Legal Wood proiektuan lan egiten du oihan tropikalen deforestazioari galga jartzeko, zur hori merkaturatu ahal izatea galaraziz eta kontrolik gabeko iturrietako zura iritsi dela hautematean agintariei ohartaraziz. 

Baskegurren elkartutako euskal enpresek eraldatutako zuraren ia-ia % 70 zero kilometroko basoetatik dator. Euskadiko Egurraren Elkartearen ustez, bertako baliabideen erabilera indartzea da bermerik onena garraioak eragindako kutsadura hazi ez dadin, gure ingurune naturala egoki kudeatzen dela berma dadin eta, hartara, landa inguruneak bertan behera utzi ez daitezen.