Kontaktua Berriak Proiektuak EGURRAREN ASTEA

Baso-Kudeaketa jasangarriaren bultzada eta lehiakortasunaren sustapena, Baskegurren Egurraren VII. Astearen ardatzak

Baso-Kudeaketa jasangarriaren bultzada eta lehiakortasunaren sustapena, Baskegurren Egurraren VII. Astearen ardatzak

Euskadiko baso/egur-sektorearen erreferentziazko zita urriaren 18tik 24ra bitartean egingo da, bai formatu presentzialean eta bai online formatuan.

Euskadiko baso/egur-sektoreak jasangarritasunaren alde egindako apustua eta ekoizpen prozesuak gero eta digitalagoak, efizienteagoak eta lehiakorragoak izatera zuzendutako hobekuntza izango dira urriaren 18tik 24ra bitartean egingo den Euskadiko Egurraren VII. Asteko programaren ardatzak. 

Basoen kudeaketa jasangarria, basoek ekosistemei egiten dieten ekarpen positiboa, klima-aldaketaren aurkako borroka kolektiboa, oraingo eta etorkizuneko gaixotasunei aurre egiteko neurriak, eta egurraren sustapena hiri berde berrien eraikuntza-material gisa dira sektoreko langileei zuzendutako jardueren muina. 

Egurraren VII. Astearen agenda presentziala urriaren 19an –asteartea- hasiko da, UPV/EHUko Bilboko Ingeniaritza Eskolan egurrez egindako master amaierako proiektu onenarentzako sariaren banaketarekin. Baskegurrek urte osoan kolaboratzen du unibertsitate-zentro horrekin, beraren ikasleek ezagutu eta baloratu ditzaten material horrek euren proiektuak itxuratzerakoan eskaintzen dituen aukerak.

Asteartean ere, arratsaldeko bost eta erdietan, “Egungo egoera, kudeaketa eta basoen etorkizuna” izeneko jardunaldia egingo da Zallako El Longar Kaperan –Baskegurren webgunetik ere emango da-, Hazi, Neiker, Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakunde eta Baskegurren bazkide diren enpresa batzuetako –Ebaki eta Egoin, adibidez- arduradunen parte-hartzearekin. 

Hurrengo egunean, urriak 20, bost eta erdietan, “Kudeaketa jasangarria” deritzan online eztabaida emitituko da www.baskegur.eus webgunean; parte-hartzaileak Espainiako PEFC, Basque Centre For Climate Change (BC3), Europako Hegoaldeko Basozainen Batasuna (USSE), Basoa Fundazioa eta Baskegur erakundeetako arduradunak izango dira.  Topaketa Euskadiko Egurraren Elkarteak Ingurubide – Bilboko Hiri-jasangarritasunerako Zentroan duen espazioan egingo da.

Urriaren 21ko -osteguna- jardunaldiak ere oso izaera teknikoa izango du, Baskegur EBko beste bazkide batzuekin batekin garatzen ari den bi europar proiektuei buruz online egingo diren topaketekin. Lehenengo proiektua “Life Legal Wood UE” da, eta beraren helburua da bermatzea europar enpresetan erabiltzen den egur guztiak EUTR jatorri-araudia betetzen duela, horren bidez eragozteko eskualde deforestatuetatik datozen espezieen merkaturatzea. Bigarren tailerra Bordelen izango da eta Baskegurrek parte hartuko du, Horizon programaren esparruko ekimen komunitarioen parte den “Basajaun” proiektuko bazkide gisa. Basoen sektoreko enpresak, elkarteak, erakunde publikoak eta ikerketa-zentroak biltzea du helburu, basoetatik lortzen diren produktuen balioa maximizatzeko, batez ere eraikuntzaren alorrean.

Euskadiko baso/egur-sektorea ezagutzera ematea

Baso/egur-sektorearen errealitatea herritarrei hurbiltzea da Euskadiko Egurraren Elkartearen ardatz estrategikoetako bat. Hala, www.baskegur.eus webgunean baso-jabeen egunerokotasuna ezagutu ahal izango da, euren ahalegin eta dedikazioarekin mantendu eta zaintzen baitute titulartasun pribatuko euskal basoen parte handi bat. Halaber, Egurraren Asteak bi gizonen eta emakume baten bizipenen berri zehatza emango du; bakoitza lurralde desberdin batekoa izanik, hausnarketak egingo dituzte belaunaldi-errelebuaz, jabeen arteko lankidetzaren beharraz eta emakumeek lehen sektorean jokatzen duten rolaz.

Sektoreko bi enpresak euren ateak irekiko dituzte bisita birtualen bitartez. Lehenengoak -Embalan3- Bergaran (Gipuzkoa) du bere egoitza nagusia, eta itsas garraioan erabiliko diren egurrezko bilgarri handien fabrikazioan dago espezializatuta. Egurraren Asteko kamerak Kanpezuraino (Araba) ere mugituko dira, Gámiz Taldearen jarduna ezagutzeko. Berau egurrezko produktuak arkitekturarako merkaturatzen dituen euskal enpresa bat da, nazioarteko presentzia sendoa duena eta zenbait proiektu gauzatzen dituena abangoardiako arkitekto ospetsuen eskutik.

Basurtuko Unibertsitate Ospitalea eta Santa Katalina Lorategi Botanikoa 

Badira publiko orokorrari zuzendutako proposamenak, Euskadiko ingurune naturalaren balioa nabarmentzea ahalbidetuko dutenak. Urriaren 20an, 11:00etan, Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko pediatria zerbitzuaren lankidetzarekin, zentrorako bisita bat antolatu da bertako inguruneko zuhaitzak ezagutzeko. Horretarako, gida-mapa bat prestatu da, espezie bakoitzari buruzko fitxekin. 

Urriaren 23an, larunbata, Baskegurrek bisita gidatu bat antolatu du Santa Katalina Lorategi Botanikoa ezagutzeko, Iruña Okan (Araba). Interesatutako pertsonek info@baskegur.org helbide elektronikoan eman behar dute izena. 

Egurraren Astea Baskegurren ekimena da, eta Euskadiko Zuraren Plan Estrategikoaren parte da. Sektoreak Haziren eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren laguntza ekonomikoarekin garatzen du plan hori.

Sortu zenez geroztik, Baskegurrek baso/egur-sektorearen jarduerak hedatzera zuzendu du bere ahaleginen parte handi bat, horren bidez gizarteari erakusteko zer-nolako garrantzia duen bere enpresen lanak Euskadiko ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-jasangarritasunerako. Helburu horrekin sortu zen orain dela zazpi urte Egurraren Astea, eta oraingoan ekitaldia online emango da www.baskegur.eus webgunetik.