Euskadiko baso-egur sektoreak baikortasunez begiratzen du etorkizunera, lehengaiaren prezioen igoerak baldintzatutako testuinguru batean, eta berrikuntzaren alde egiten du lehiakortasuna irabazteko

Euskadiko baso-egur sektoreak baikortasunez begiratzen du etorkizunera, lehengaiaren prezioen igoerak baldintzatutako testuinguru batean, eta berrikuntzaren alde egiten du lehiakortasuna irabazteko

Bioekonomiaren aldeko bultzadak produktu jasangarriago berrien garapena ahalbidetuko du Euskadin eta Europan.

 Ia 19.000 pertsonak lan egiten dute, zuzeneko zein zeharkako eran, euskal ekonomiarako funtsezkoa den sektore honetan. Izan ere, bertan inbertsio mardulak egiten ari dira etorkizuna bermatzeko.

 

Egurraren eskaria nabarmen hazi da nazioarteko merkatuetan azken hilabeteotan, eta horren eraginez asko igo dira lehengai horren prezioak ere. Jokaleku horrek markatuko du ekitaldi honen garapena Euskadiko baso-/egur-sektorea osatzen duten enpresentzat.

Eskari handi hori positiboa izan da pinudietako azikulen gaixotasunak jo dituen lurzatietan aurreratu behar izan diren mozketetatik datorren radiata pinuaren egurra merkaturatzeko. Sektoreak lortu du soberakin hori mobilizatzea,  eta, aldi berean, baso-jabeei itzulkin ekonomikoa bermatzea.

Tokiko egurraren barne-kontsumoaren falta berriz ere konpentsatu da kanpo-eskariari esker, zeren berau 615 milioi eurotik 880 milioira hazi baita 2008 eta 2019 bitartean. Hazkunde hori 2020 eta 2021ean ere izan da bereziki garrantzitsua, egurraren prezioek nazioarteko merkatuan izan duten igoerari esker.

Alde horretatik, Oskar Azkarate Baskegurreko zuzendari nagusiak adierazi du gaur egun “aldaketa ugariko une batean gaudela eta sektoreak arreta handiz begiratzen diela.  Egia da egurraren eskaria handia dela eta enpresak bete-betean ari direla lanean. Eta hainbat urtez sektorearen prestakuntzaren xede izan diren erronkak ditugula aurretik, lehiakortasun eta nazioartekotzearen moduko arlo estrategikoak indartuz, ziurtagiriak sustatuz…”.

Azkarateren ustez, garbi geratzen dena da egurra gero eta material preziatuagoa dela mundu osoan, klima-aldaketaren aurka borrokatzen laguntzen duelako. Jasangarritasunaren aldeko apustu hori indartuta dago Euskadin “enpresek 0 km-ko egurraren alde –hurbiltasuneko egurraren alde, beraz- hartuta duten konpromisoagatik; izan ere, euskal eraldaketa-industriak bere ekoizpenean erabiltzen duen egurraren % 70 bertoko basoetatik dator”.

Erronka berriei aurre egiteko xedez, “baso-/egur-sektoreko euskal enpresek inbertsio mardulak egin dituzte eta aurreikusten dituzte, euren lehiakortasuna hobetzeko eta hobeto prestatuta egoteko agertoki berriei heltzerakoan”, gaineratu du Azkaratek.

Covid-19aren pandemiaren hilabete latzenetan sektorea “funtsezkoa” deklaratu izanak berebiziko garrantzia izan du beraren jarduna etapa horretan mantentzeko. Enpresak askok ikusi dute euren lan-karga ez dela jaitsi, eta lehenengo olatuan gehiago sufritu dutenek lortu dute normaltasuna poliki-poliki berreskuratzea.

 

Sektorea zenbakitan

Euskal baso-/egur-sektorearen balio-kateak EAEko enplegu industrialaren % 9,5 sortzen du, Egurraren Behatokiak 2021ean egindako eta datozen hilabeteetan aurkeztuko den azken berrikuspenean jasotako datuen arabera. Ia 19.000 pertsonak zuzeneko edo zeharkako mendetasuna dute baso-jarduerarekin eta lehengaiarekin geroago egiten den eraldaketarekin.  Gaur egun, Euskadin 1074 enpresak osatzen dute sektorea; gehienak langile gutxiko ETEak dira, baina egon badira enpresa traktoreak ere papergintzan, zerratze-industrian eta egurrezko eraikuntzan. Sektoreak Euskadiko BPGaren % 1,54 sortzen du.

Euskadi baso-herrialde bat da. Gaur egun, euskal basoek lurraldearen % 54,7 hartzen dute, hau da Europar Batasuneko ratio handienetako bat dute. Egurra da Euskadik duen baliabide natural eta berriztagarri nagusia, eta eraldaketa-industriak 0 km-ko hurbiltasuneko egurraren alde egiten du. Erabiltzen duen egurraren % 68 Euskal Autonomia Erkidegotik eta eskualde mugakideetatik dator.

 

Berrikuntza eta 4.0 industria

 Euskal baso-/egur-sektoreak berrikuntzaren eta 4.0 Industriaren garapenaren alde egiten du, bere lehiakortasuna bermatze aldera. Enpresak Bioekonomiaren Euskal Aliantzaren partaideak dira, eta baita Basoteken partaideak ere: diziplina anitzeko i+G+b partzuergo bat, oraingo eta etorkizuneko erronkei erantzun nahi diena.

Halaber, Europako Bioeskuldeen Sarea ere bere lehenengo urratsak egiten ari da, eta Euskadi proiektuak eraikitzen hasi da bertan, Finlandia eta Alemaniako eskualde batzuekin batera, eraikuntza jasangarriaren, kimika berdearen eta bioenergiaren alorretan.

Baskegurrek bazkide gisa lan egiten du europar proiektu batzuetan, sektorearen etorkizunaren alde EBko eskalan lan egiteko. Dimentsio handiko ekimenak dira, Europa Horizontea, Interreg Sudoe eta Life estrategien barnean kokatuak.

Proiektu horietako hiruk –“Eguralt”, “Basajaun” eta “WoodCircus”- eraikuntzaren egurra hartzen dute gai nagusitzat, eta, horri begira, irtenbide berriak proposatzen dituzte eraikuntza-eredu jasangarriagoak eta efizienteagoak garatzeko. Halaber, Baskegurrek sektorearen digitalizazioa sustatzen dihardu, “WoodMarkets” moduko ekimenetan, eta legezko egurraren kontrolaren inguruan ere, “LIFE Legal Wood” ekimenaren bitartez; azken horren helburua da bermatzea europar enpresek euren lanean erabiltzen dituzten lehengaiak basoak modu ekologikoan kudeatzen dituzten lurraldeetatik datozela.

EBk ekonomia berdea garatzearen alde egindako apustua, NextGeneration EU funtsen finantziazioaren eta “Basque Green Deal” estrategiaren bidez, oso aukera ona da baso-/egur-sektoreak berriztatzen jarraitu  dezan petrolioaren deribatuak ordeztu ditzaketen produktuetan.

Sektorea jadanik ari da lanean proiektu konkretu batzuetan, hala nola eraikuntzan erabiltzen diren poliuretanozko aparrak kentzeko eta haien ordez zerratze-prozesuetan eskuratzen den radiata pinuaren zerrautsetik lortutako poliolak jartzeko. Orobat, beste ikerketa baten helburua da laborantza-zelaietan erabiltzen den lur-estalkia kentzea eta haren ordez zelulosazko papera erabiltzea, plastikoen erabilera saihesteko. Halaber, beste xede bat da egurretik lignina eskuratzea, kimika berdearen alorreko produktu batzuetan erabiltzeko, hala nola egurra bera babesteko berniz eta babesleen fabrikazioan.

Baskegur-ek, Euskadiko basogintzako eta egurgintzako elkarte desberdinak biltzen ditu: ugazabetan hasi eta ustiakuntza, basogintzako lanak eta  lehen eta bigarren transformazio prozesuetara arte, baita pasta-papera eta bioenergiara ere.