Baskegurrek WoodCircus proiektuaren aurkezpenean parte hartu du, Parisko Bois Construction Nazioarteko Forumean

Baskegurrek WoodCircus proiektuaren aurkezpenean parte hartu du, Parisko Bois Construction Nazioarteko Forumean

Baskegurreko zuzendariak, Oskar Azkaratek, egurrarekin egindako eraikuntzaren Europako liburu zuriaren aurkezpenean parte hartu du, WoodCircus proiektuaren barruan. Egurraren Euskadiko Elkarteak bazkide modura parte hartzen du ekimen garrantzitsu horretan. Bertan, maila komunitarioan erreferentziazkoak diren basogintzaren (egurra) balio-kateko eragileek dihardute lanean.

Parisko Bois Construction Nazioarteko Forumaren barruan egin da topaketa, formatu hibridoan: aurrez aurre zein online. Egurrarekin egindako eraikuntzaren alorrean, Europako ekitaldi handienetako bat da Foruma. Oraingo honetan, Eiffel dorrearen aurrean dagoen Ephémère Jauregi Handia egurrezko elementuekin estali da erabat. Hala, erakutsi da material horrek erabilera ugari dituela erakusketa-gune handiak prestatzeko orduan.

Eraikuntzaren sektoreak berebiziko garrantzi ekonomiko eta soziala du Europar Batasunarentzat, zuzeneko 18 milioi lanpostu eta EBko BPGaren % 9 inguru sortzen baititu. EBn, egurraren % 70, gutxi gorabehera, eraikuntzan eta altzarigintzan erabiltzen da.

Egurrarekin egindako eraikuntza-prozesua eraginkorragoa izateko, eta baliabide naturalen kudeaketa kontzientea hobetzeko, sistemaren errendimendu orokorra ebaluatu eta hondakin gutxiago sortzeko jardunbide egokiak –batetik bestera eraman daitezkeenak– identifikatu behar dira. WoodCircus proiektuak erronkak eta aukerak lotzen ditu elkarrekin, baliabideen efizientziaren eta egurraren eta egur-hondakinen urraskako erabileraren esparruan, zurgintzaren sektorearen lehiakortasuna handitzeko eta jasangarritasunari dagokionez haren jarduna hobetzeko.