BaskEgurrek eta Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundeak ekarpenak egin dizkiete Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko Lege-proiektuari eta Natura Ondarea Kontserbatzeko Lege-proiektuari
Oskar Azkarate Baskegurreko zuzendari orokorrak eta Iñigo Mínguez Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundeko lehendakariak parte hartu dute Eusko Legebiltzarrean egin den Jasangarritasun, Ingurumen eta Ingurune Naturalaren Batzordearen bilkuran. Euskadiko basogintzaren (egurra) sektoreak bertan ziren alderdi politikoei eskatu die kontuan har dezatela sektorearen iritzia, garatzen ari diren aipatutako lege-proiektuak burutzerakoan (gure naturguneak zaintzea eta haien babesa hobetzea helburu dutenak).
Azkarateren eta Mínguezen iritziz, bateragarriak izan behar dute baso-jarduerak —jasangarritasun-irizpideen araberakoa, eta PEFC eta FSC ziurtagiriekin— eta bertako zuhaitz-espeziak babesteak eta sustatzeak.
Aitortu dute azken urteetan intsinis pinuaren masa murriztu egin dela, pinuen azikula-banden gaitza dela-eta egin diren ebaketen ondorioz, eta horien birpopulaketen zati bat eukalipto bidez egiten ari dela, baina, era berean, ukatzen dute landaketa horiek ugaritzearen ondorioz Euskadiko mendien paisaia aldatzen ari denik.
Gaur egun, eukaliptoek baso-azaleraren % 5,8 besterik ez dute betetzen; 1996 eta 2020 artean, 16.600 hektareakoa izan da azalera horren hazkundea. Denbora-tarte horretan bertan, 24.277 hektareakoa izan da bertako hostozabalen azaleraren hazkundea.
Euskadiko Basogintza Elkarteen Konfederakundeak batzordeari eskatu dio konfederakundeko ordezkariak Ingurumen Aholku Batzordeko partaide izan daitezela. Izan ere, oraingo moduan batzordean lehen sektoreko ordezkaririk ez izan arren, bertan hartzen diren erabakiek badute eragina sektorean.
Oskar Azkarate Baskegurreko zuzendariak, legebiltzarkideen galderei erantzunez, adierazi du sektoreak ez diola uko egiten espezieei buruz mintzatzeari, baina haren iritziz benetako debatea zera dela: bioekonomia zirkularra garatzeko gizarteak egin behar duen apustua. «Euskadi basoz betea egoteak sortzen dituen baliabideak aprobetxatu behar ditugu petrolioarekiko eta horren eratorriekiko menpekotasuna gutxitzeko», erantsi du Azkaratek.
Eraikuntzak sortzen ditu hondakinen % 40, eta, eraikuntzetan zura sartzearen aldeko apustuak —Europa-iparraldeko zenbait herrialde egiten ari diren moduan, baita azken aldian Frantzia ere— klima-aldaketari aurre egiten laguntzen du.
Euskadik puntako industria dauka bertako egurra eraldatuz balio erantsi handiko produktuak sortzeko, baina, zoritxarrez, egurra erabiltzen duten eraikuntza-proiektu handi gehienak gure erkidegotik kanpora egiten dira —Katalunia, kasurako—, edo Europako beste herrialde batzuetan.