Baskegur platinozko babeslea izango da jasangarritasunari eta eraikuntza aurreratuari buruzko EESAP 11 eta CICA 4 biltzarretan

Baskegur platinozko babeslea izango da jasangarritasunari eta eraikuntza aurreratuari buruzko EESAP 11 eta CICA 4 biltzarretan

Baskegur Euskadiko Egurraren Elkarteak parte hartuko du Eraginkortasun Energetikoaren eta Jasangarritasunaren inguruko Arkitektura eta Hirigintzaren 11. Biltzar Europarrean, baita abenduaren 1etik 2ra bitartean egingo den Eraikuntza Aurreratuen 4. Biltzar Internazionalean ere.

UPV/EHUko Udako Unibertsitateak eta Baskegur bazkide aktibo duen Eraikune Euskadiko Eraikuntza Klusterrak antolatutako bi biltzarrak online formatuan egingo dira, eta hemengo zein nazioarteko ospe handiko hizlariak izango dira partaide.

Platinozko babesle gisa, elkarteak aldi bereko bi foro horietara bertaratutakoei jakinaraziko die Euskadiko basogintza sektoreak (egurra) egin duen apustua, etorkizuneko erreferentzia izateko baldintzak betetzen dituen egurraren eraikuntzaren alde. B2B topaketei eta hitzaldiei esker, Baskegurrek bere kideen produktuak eta eraikuntza-soluzioak hurbilduko dizkio bere publiko preskriptoreari.

Oskar Azkarate Baskegurreko zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, egurrezko eraikuntzak zeregin garrantzitsua izango du bioekonomia sustatzeko euskal estrategiaren barruan, kimika berdearekin edo bioenergiaren sustapenarekin batera: “Euskadin dagoen lehengai naturalik ugariena da, eta bertako enpresek eraikuntza-soluzio aurreratu eta aurreindustrializatuak garatzeko erabil dezakete”.

Egurra da azken urteotan gehien garatu den materiala, esperimentazioari eta berrikuntza-programei esker. Baskegurrek parte hartzen duen Europako bost proiektu handietako hiruk egurrezko eraikuntza dute erreferente hainbat arlotan, hala nola digitalizazioan, balio-kate osoko efizientziaren hobekuntzan eta produktu berrien garapenean.

Oraingoan, bi biltzarrek berrikuntza disruptiboaren garrantzia eta eraikuntza jasangarriaren eta eraikinen birgaitze energetikoaren arloko joera berriak jorratuko dituzte. COVID-19aren pandemiak agerian utzi du herritarrek gero eta garrantzi handiagoa ematen dietela bizi diren eta lan-jarduera garatzen duten espazioei. Halaber, agerian utzi du hiriek eduki behar duten zeregina ere, ingurune osasungarriagoak eta energetikoki jasangarriagoak eta eraginkorragoak izateko.