«Euskal Autonomia Erkidegoko basogintza-sektorearen jasangarritasunaren ebaluazioa» proiektuak aitorpena jaso du
Baskegur-Euskadiko Egurraren Elkarteak gidatutako «EAEko basogintza-sektorearen jasangarritasunaren ebaluazioa» lana hautatu dute, beste bi ekimen berritzailerekin batera, basogintza-sektorearen kalitatea eta jasangarritasuna hobetzeko jardunbide egokiei buruzko Nekazaritza eta Elikadura Ministerioaren katalogoaren parte izateko. Baskegurreko zuzendari nagusi Oskar Azkaratek proiektuaren eta horren bidez lortutako emaitzen berri eman du Landa-eremuaren Sare Nazionalak (Red Rural Nacional) antolatutako elkartruke birtualeko jardunaldian. Online egin da, zoom plataformaren bidez, eta lantalde eta proiektu berritzaileak agertu dira bertan.
Azken urteotan, kontsumitzaileen sentiberatasuna eta informazio-eskaera handitzen ari da. Hain zuzen, erosten dituzten produktuen eta zerbitzuen ingurumen-ezaugarriak ezagutu nahi dituzte, kontsumo arduratsuagoa egiteko xedez. Basogintzaren (egurra) sektoreko enpresek, era berean, ekoizten dituzten produktuek ingurumenari begira dituzten abantailak ezagutzera emateko premia dute. Hori dela eta, ingurumenean eragin kaltegarria duten beste sektore batzuekin konparatu ahal izateko, parametro objektibo batzuen beharra dute.
Nazio Batuek garapen jasangarrirako dituzten 17 helburuak oinarritzat hartuz, proiektuak aztertzen du nola basogintzaren (egurra) sektorea lagungarri den horiek betetzeko, bai eta zein adierazle zuzendu behar diren ere hiru onura hauek sendotzeko: soziala, ekonomikoa eta ingurumenarena. Azken emaitza fitxa metodologikoetan gauzatzen da. Horietan, basogintzaren (egurra) sektoreak betetzen duen paperaren argazki bat egiten da, NBEren garapen jasangarrirako helburuetan kontuan hartzen diren adierazleen 36tan.
Baskegurrekin batera, Neiker zentro teknologikoak eta IK/Ingeniería enpresak hartu dute parte txostena egiten. Euskadiko Egurraren Elkarteko hiru enpresek ere –Protec, Egoin eta Ebaki– lagundu dute, adierazleen analisiak egin ahal izateko datuak eskainiz. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak (LGENF) finantzatu dute proiektua.