Ezagutu egurraren nazioarteko merkatua
Gaur egun, basogintzako produktuen eta egurraren produktuen merkatuak ez dira tokian tokiko merkatuak, mundu-mailakoak baizik. Merkatuaren egoeraren edozein analisik kontuan hartu beharko ditu nazioarteko merkatuen egoera eta jarduteko modua, bereziki, norberaren herrialdearekin harreman estuenak dituztenen merkatuenak.
Besteak beste, UNECE-FAO (Basogintza eta Egur Atala) eta FOREST INDUSTRIES nazioarteko erakundeen txostenek informazio interesgarria eskaintzen dute basogintzako produktuen nazioarteko merkatuen egoeraren inguruan (UNECE eskualdea hiru azpieskualdek osatzen dute: Europa, Estatu Independenteen Erkidegoa (EIE) eta Ipar Amerika, Kanada eta AEB). Dena dela, arreta Europan jartzen da nagusiki, esparru interesgarriena delako, eta koniferoen egur zerratuaren merkatua da interesgune nagusia (sawn softwood market).
Krisi ekonomiko orokorraren ondorioz, basogintzako produktuen merkatuak eta egurrarenak behea jo dute, baina egungo suspertze ekonomiko orokorra merkatu horien dinamizazioa bultzatzen ari da. 2016an, UNECE eskualdeko basogintzako produktuen merkatuen egoera orokorrak hobera egin zuen, eta azpisektore nagusi guztiek (enborki industrialeko egurra, egur zerratua, egurrezko panelak eta papera eta kartoia) kontsumo-maila eta hazkunde-tasa handiagoak izan zituzten.
Eraikuntzaren sektorearen krisiarekin, egurraren industriak atzerakada handia izan zuen, eta horrek argi eta garbi eragin zion egurraren sektoreari, batez ere etxebizitzen eraikuntzarekin lotutako sektoreari. Hala eta guztiz ere, azkenaldian susperraldi handi baten zantzuak erakutsi ditu, eta herrialde askotara hedatu da, EBra zein Ipar Amerikara, Txinara…
2016an, hamarkada batean lehendabiziko aldiz, koniferoen egur zerratua (sawn softwood) ekoizten eta kontsumitzen zuten eskualde nagusi guztiek eskari eta ekoizpen handiagoa erregistratu zuten. UNECE eskualdeko itxurazko kontsumo osoa %5 igo zen 2015ekoarekin alderatuta. Europan, berriz, egur zerratuaren kontsumoa %2,8 hazi zen. Produktu horren ekoizpena %4,7 igo zen Ipar Amerikan (+%6,2 Kanadan eta +%3,4 AEBetan); Europan %2,9 hazi zen, eta EEIn %6,7. 2016an, UNECE eskualdean, egur zerratuaren ekoizpen osoa 2015ean baino %4,2 handiagoa izan zen.
AEBetako egur zerratuaren inportazioaren eskaria oso sendoa da. Estatu Batuetan hasitako etxebizitzen kopuruak %5,6 egin zuen gora 2016an (1,17 milioi unitate), eta 2017rako beste igoera bat espero da, 1,22 milioi unitate inguru. Horrek egurraren prezioak igotzea ahalbidetu du.
Ipar Amerikako merkatuari dagokionez, 2018tik Kanadako egurrari muga-zergak aplikatzeak egur zerratuaren munduko merkataritza aldatuko du: Kanadako esportazio gutxiago izango dira AEBetara, eta Europako esportazio gehiago aipatutako herrialde horretara. Horrek Kanadako lurraldez kanpoko esportazio gehiago ekarriko ditu, Asiara batez ere.
Mundu-mailako egur zerratuaren merkatuan, liderren artean Europako hainbat herrialde daude (ekoizleak eta esportatzaileak). Finlandiak, Alemaniak eta Suediak Europako ekoizpenaren 2/3 inguru biltzen dute, eta herrialde horiek munduko bost esportatzaile nagusien taldean daude, Kanada eta Errusiaren ostean.
Europako merkatuan, Alemania eta Erresuma Batua dira koniferoen egur zerratuaren kontsumitzaile nagusiak (guztizko kontsumoaren %20 eta %10, hurrenez hurren). Bost kontsumitzaile nagusiek (Alemania, Erresuma Batua, Frantzia, Suedia eta Austria) eskualdeko kontsumoaren %50 baino gehiago biltzen dute. 2016an, kontsumoaren hazkundea apur bat apaldu zen, baina, hala ere, igoera nabarmena izan zen. Europako bi inportatzaile nagusiak Erresuma Batua eta Alemania dira, eta biak %5 baino gehiago hazi ziren 2016an.
*Euskadiko Egurraren Behatokiaren 2018ko txostenean jasotako informazioa.