Egurtek 2020ren Batzorde Teknikoak lehen bilera egin du

Egurtek 2020ren Batzorde Teknikoak lehen bilera egin du

Egurtek 2020 Egurrezko Arkitektura eta Eraikuntzaren Nazioarteko Foroaren Batzorde Teknikoak bere lehen bilera egin du duela gutxi Bilbao Exhibition Centreko instalazioetan, eta erakunde hauetako ordezkariek hartu dute parte bertan: Eusko Jaurlaritza, BEC, Baskegur, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Ingeniarien Elkargo Ofiziala, Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoa, Unibertsitate Eskola Politeknikoa (UPV/EHU), HAZI eta Infoedita.

2017ko edizioaren errepaso labur bat egin ondoren (balantze positiboarekin amaitu zen, eta 11 herrialdetako 1.149 biltzarkide eta bisitari profesionalek parte hartu zuten), kanpainaren irudia aurkeztu zen, daten planteamendu berria jasotzen duen liburuxka baten diseinuarekin. Egurtek foroaren zortzigarren edizioa 2021eko apirilaren 14an (asteazkena) eta 15ean (osteguna) egingo da.

Arkitekturaren munduko profesional ospetsuak eta egurraren sektoreko punta-puntako enpresak elkartuko dira bertan. Sektorea ondo baino hobeto kokatuta dago eraikuntza jasangarriaren esparruan, eta gero eta pisu ekonomiko handiagoa du; bere dinamismoa ekitaldiak dituen alor guztietan islatuko da: Biltzarra eta Jardunaldi Teknikoak, Expo Eremua eta Sariak.

Ildo horretan, Egurtek biltzarraren edizio berriaren apustuak emakumearen presentzia indartzea eta Pritzker saria jaso duen arkitekto baten hitzaldia dira, eta hizlari zerrendaren lehen proposamena prest du jadanik. Bestalde, Egurteken Jardunaldi Teknikoak bi multzo handiren inguruan egituratuko dira: formakuntza eta bioekonomia. Horretarako, antolatzaileak edukien programa bat lantzen ari dira; basogintza-sektoreak Euskadin duen garrantziaren eta berrikuntzarekin duen konpromisoaren aldeko apustua egingo du aipatutako programak, jardunbide egokien adibideekin. Ekitaldiaren beste atal nagusietako bat bere sariak izango dira, 5. edizioa ospatuko baitute. 2012an sortu zirenetik, sariek garrantzia irabazi dute sektorean, eta ezinbesteko hitzordu bilakatu dira arlo horretako arkitekto, ingeniari eta profesionalentzat.

Besteak beste, Batzorde Teknikoak urteko sustapen-plana lantzen jarraituko du, arkitekturarekin lotutako ekitaldi garrantzitsuenetan Egurtek foroaren presentzia indartzeko, Mugak Euskadiko Nazioarteko Arkitektura Bienaletik hasita.

Egurtek 2020 Bilbao Exhibition Centrek antolatzen du, eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialaren, Baskegur Euskadiko Egurraren Elkartearen eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren laguntza jaso du.

Egurrezko Arkitektura eta Eraikuntzaren Nazioarteko Foroarea
Egurrezko Arkitektura eta Eraikuntzaren Nazioarteko Foroarea