Innobandas basoen osasunerako proiektuak oso emaitza onak eman ditu banda gorriaren eta marroiaren aurrerapena geldiarazteko

Innobandas basoen osasunerako proiektuak oso emaitza onak eman ditu banda gorriaren eta marroiaren aurrerapena geldiarazteko

Eraginkorrak eta ingurumena errespetatzen dutenak. Innobandas basoen osasunerako proiektuaren ondorioek ez dute zalantzarako tarterik uzten. Pinuen azikulen banden gaixotasuna kontrolatzeko azken bi urteetan Euskadin, Kantabrian eta Nafarroan egindako tratamendu esperimentalek oso emaitza onak eman dituzte. Baskegur Euskadiko Egurraren Elkarteak koordinatu zituen landa-lanak, eta Nafarroako Basogintza Elkarteak (Foresna), Euskadiko Basogintza Elkarteek (Basoekin), Egurgintzako eta Altzarigintzako Enpresaburuen Kantabriako Elkarteak (ACEMM), nekazaritza eta basogintza sektoreko Galca enpresa espezialistak, Neikerrek eta HAZIk garatu zituzten. Esperientzia horren balantze ona ikusita, “etorkizunean proiektuari jarraipena emateko landu beharreko ildoen inguruan hausnartzeko” unea da, Oscar Azkarate Baskegurreko presidenteak adierazi duenez. Jarduera horren ondorioak gaur aztertu dira Zamudioko Parke Teknologikoan egindako jardunaldi batean. Jardunaldi hori sarean ere eman da.

Europar Batasunak finantzatutako ekimen honek erakutsi du “eraginkorra eta iraunkorra dela banden gaixotasunaren aurrerapenari aurre egiteko”, nabarmendu du Josu Azpitarte Baskegurreko arlo teknikoko kideak, eta Txilen, Zeelanda Berrian edo beste herrialde batzuetan erabiltzen den “prebentzio-lan” horren garrantzia azpimarratu du. Azpitartek azaldu duenez, bi lursail bereizi diseinatu zituzten. Horietako batean 991 intsinis eta larizio pinu gazte zenbatu ziren, eta modu indibidualizatuan tratatu zen, eskuz; bestean, beste 243 intsinis eta larizio pinu zenbatu ziren, eta kanoi lainoztatzailearekin tratatu zen.

Hauek izan ziren tratamendu horietan erabilitako substantziak: Desfan, laranja eta pomeloaren hazien konposatu organikoa, Nordox (oxido kuprosoa aleetan), Timol (ezkai gorriaren estraktua) eta Carbonato (karbonatoa eta Biofungiteken osagai aktibo sinergikoak), eta Desfan eta Timol produktuen nahasketa bat. Oro har, formula horiek emaitza onak lortu zituzten, nahiz eta, guztien artean, Nordox eta Timol gailendu ziren.

Neikerrek beste herrialde batzuetan erabiltzen diren teknika berritzaileen inguruan dituen ezagutzen ekarpena egin zuen, eta saiakuntzen ingurumen-jasangarritasuna neurtzeko lanak bere gain hartu zituen. “Erantzun ona lortzeko dosi eraginkorrak aurkitzea izan zen erronka”, adierazi du Neikerreko Eugenia Iturritxak, Asier Alonso lankidearekin batera proiektuan aritu denak. Nordoxaren kasuan, biek ala biek egiaztatu ahal izan zuten ez zela “ekotoxikotasunik” gertatzen, “zoruko kobre-metaketak oso txikiak baitziren”, eta marjina seguruen barruan, betiere. Beraz, “ingurumenean inolako eraginik” ez zuela ondorioztatu zuten.

HAZI arduratu zen baso-masak satelite bidez eta droneekin hartutako irudien bidez neurtzeaz eta prospekzioa egiteaz. “Taldean lan egin dugu, eta ibilian-ibilian ikasten ari gara. Tratatzen eta neurtzen jarraitu behar dugu”, azpimarratu du Alejandro Cantero Haziko kideak, eta lur arrasean laser bat probatzeko asmoa dutela aurreratu du.

Elkarri lotutako sare baliotsua

Innobandasen etorkizunari dagokionez, Galca enpresako Belen Reboredak adierazi du basoen osasuna babesten jarraitu behar dela. “Ez da borroka erraza, baina asko dugu galtzeko”, azpimarratu du. Alde horretatik, Itxaso Saizek (ACEMM) administrazioen, jabeen, basogintzaren, zientzialarien eta sektorearekin zerikusia duten beste eragile batzuen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu du. “Inoiz ez genion horrelako zerbaiti bakarka aurre egin ahal izango. Estatuaren eta Europaren babesa ezinbestekoa da”. Horren harira, Juan Miguel Villarroelek (Foresna) nabarmendu du jabeek beren arazoak eta beharrak “jakinarazi” behar dituztela. “Gero eta hobeto prestatuta gaude. Proiektu honen handitasuna da eragileen arteko lotura ahalbidetu duela, balio-sare bat sortu duela”.

“Etorkizuna zalantzazkoa da, baina sektorea suspertzeko ildo horren alde egiten jarraitu behar da, gaixotasunaren aurka borrokatzeko ekintzetan oinarrituta”, adierazi du Eduardo Rodriguezek, Euskadiko Basogintza Konfederazioko kideak.

Oskar Azkarate Baskegurreko zuzendari nagusiak eman dio amaiera jardunaldiari, Innobandas proiektuaren hiru ondorio nagusiak nabarmenduz. Lehenengoa, jabeen, enpresen, administrazioen eta zentro teknologikoen arteko baterako lanaren garrantzia, Kantauri isurialde osoko basoen osasunari eragiten dioten arazoei aurre egiteko autonomiaz gaindiko apustu koordinatu eta zeharkako batean. Bigarrenik, erabilitako zenbait produkturen eraginkortasuna eta haien ekotoxikotasun txikia edo hutsala egiaztatzean lortutako emaitza positiboei balioa ematea; eta, azkenik, Innobandas proiektuak eta antzeko beste proiektu batzuek etorkizunean jarraipena izan behar dutelako erakusgarria.

Euskadiko basoen osasunarekin lotutako beste proiektu batzuk ere badira, hala nola “Intsinis pinuaren ordezko espezieen industria-aplikazioak” eta “Intsinis pinuaren hobekuntza genetikoa, gaixotasunekiko erresistenteak diren pinuak lortzeko”; bi proiektu horiek Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak finantzatu ditu.

Deskargatu jardunaldiaren txostenak