Baso-egurraren sektorean, zurgintza eta altzari-enpresek jasan dituzte kalterik handienak COVID-19ak ekarritako krisiaren ondorioz

Baso-egurraren sektorean, zurgintza eta altzari-enpresek jasan dituzte kalterik handienak COVID-19ak ekarritako krisiaren ondorioz

Baskegur elkarteak inkesta bat egin du elkartea osatzen duten azpi-sektoreen artean, COVID-19aren pandemiak ekarritako ondorio ekonomikoen lehen azterketa bat egiteko eta ikusteko nolako eragina izango duen 2020ko aurreikuspenetan. Maiatzaren amaieran egin da inkesta, alarma-egoera ezarri eta bi hilabetera. Beraz, krisiak ekar dezakeen eraginaren lehen analisi bat jasotzen du: batetik, pandemiak zuzenean eragin dio ekoizpen-bolumenari, maila globalean; bestetik, arazoak sortu dira hornikuntza- eta banaketa-katean, eta, horrez gainera, enpresen finantza-egoeran eragin du.

Elkarteko kideek eman dituzten datuen arabera, zurgintzak eta altzarigintzak jasan dute kalterik handiena. Aurreikusitako estimazioekin alderatuta, fakturazioa eta eskaera %11,5 jaitsiko direla uste da. Horiez gainera, kalteak jasango dituzte basogintzako makineriaren eta jabeen sektoreak (aurreikuspenak baino %8,3 gutxiago), zerrategiek (%8,2 gutxiago), bigarren eraldaketak (%7,2 gutxiago) eta, azkenik, errematatzaileek eta basoko lanek (%7,1 gutxiago).

Zerrategietan ekoizten diren produktuei dagokienez, hauek jasango dute kalterik handiena: bigarren eraldaketan enbalaje industrialak egiteko erabiltzen diren materialek.

Bestalde, ikerketak erakusten du zer joera sor daitezkeen, kontuan hartuta zein den azpi-sektore bakoitzeko produktuen helmuga. Baskegur elkarteko zuzendari Oskar Azkaratek azpimarratu duenez, neurketa-erreminta hori oso garrantzitsua da «sektoreak gaur egun duen egoera ezagutzeko eta garaiz erreakzionatzeko gai izateko; modu horretan, kalterik handienak dituzten enpresek modua izango dute beren kontingentzia-planak sortzeko». Azkaratek nabarmendu duenez, Euskadiko baso-egur sektoreak, beste alor batzuekin alderatuta, aukera izan du «jaitsierari aurre egiteko; izan ere, pandemiako fase gogorrenetan, ezinbesteko sektoretzat jo zen, eta, horri esker, ekoizpen-ehunduraren jardunari eutsi dio, hein handi batean».

Inkestak islatzen duenaren arabera, elkarteak bidalitako galderei erantzuten dieten enpresen artean, %21ek eskatu ditu Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteak. Enpresen %23k telelana ezarri du, eta %56k, berriz, bestelako malgutasun-neurriak adostu ditu langileekin, egoerara egokitzeko.

COVID-19aren krisiari aurre egiteko enpresek eskatu dituzten laguntzen harira, alderdi hauek aipatu behar dira: ICOk eta/edo ELKARGIk bultzatu dituzten eta kaudimena handitzeko helburua zuten ildoek izan dute arrakasta handiena (enpresen %80k eskatu dituzte halakoak), bereziki langile gehiago eta kapital zirkulatzailearen premia handiagoa zuten lantegiek. Zerrategiek egin dituzte eskakizun gehien: eskakizun guztien %60, hain justu.

Krisiari aurre egiteko alternatiben bila

Enpresa gehienek hainbat ekintza egin nahi dituzte 2020-2021ean, COVID-19ari aurre egiteko; besteak beste, segurtasun-protokoloak ezarri nahi dituzte (higiene-neurriak, distantzia…), ekoizpenaren ordez basoko lanak egin, lanaren eremu geografikoa zabaldu, opor-egunak aurreratu, lanegunak malgutasunez antolatu, aldi baterako langileak eta langile ez-finkoak gutxitu…

Gainera, Baskegur elkarteak egindako azterketan, enpresek puntu bidez baloratu dituzte –1etik 5era– administrazioei proposatu ahal zaizkion neurriak, krisia dela-eta. Hauek dira babes handiena lortu duten neurriak: erosketa publiko berdea eta tokiko produktuak sustatzea, administrazioko izapideak erraztea eta inbertsio publikoak egitea ekonomia suspertzeko.

Baskegurrek bere gain hartzen du, urtearen bigarren seihilekoan, sektorearen egoerari buruzko datuak eguneratzeko konpromisoa, sektoreak nolako bilakaera duen aztertu ahal izateko.