Baskegurrek Finlandian egin den INGUMAren VI. Batzar Nagusian parte hartu du

Baskegurrek Finlandian egin den INGUMA proiektuaren (Horizon programa) VI. Batzar Nagusian parte hartu du. Euskadiko Egurraren Elkartea Europako proiektu honetako kide da, eta haren helburu nagusia biooinarriko materialen garapena bultzatzea eta haien onarpena sustatzea da, Europako Bauhaus Berriaren hiru zutabe nagusien bidez: jasangarritasuna, inklusioa eta estetika.
Baskegurreko proiektuen arduradun Irati Zabalak parte hartu zuen bileran, gainerako erakunde bazkideekin batera, uztailaren lehen astean zehar garatutako lan-agenda trinko baten barruan.
Lehen jardunaldia Koli Parke Nazionalera egindako bisitarekin hasi zen. Finlandian ofizialki erregistratutako 41 parke nazionaletako bat da, Ipar Karelia eskualdean kokatua. Bertan izeia, urkia eta pinu gorria dira nagusi. Halaber, Koli Ukko natura-zentroa ere bisitatu zuten. Ondoren, parte-hartzaileek Rieskaniemiko Devil’s Church Boulder Cave (Lohkareluola Pirunkirkko) ezagutu zuten; bloke tektonikoz osatutako haitzulo gisa sailkatutako formazio geologiko berezia da.


Bigarren jardunaldia Joensuu hiriko METLA eraikinean hasi zen. Bertan daude LUKE (Finlandiako Baliabide Naturalen Institutua) erakundearen instalazioak. Erakunde honek bioekonomia sustatzea eta baliabide naturalen erabilera jasangarria bultzatzea du helburu. Egoitza berean dago EFI (Europako Baso Institutua) ere, Biorregions ekimenaren sustatzailea. Baskegurrek harreman estua du EFIrekin, Euskadi Eurorregioaren sareko kide baita.
Jardunaldian zehar proiektuaren hainbat lan-paketeren aurrerapena aztertu zen: sorkuntza partekatua (2. lan-paketea), INGUMAren produktuen eskalatzea (3. lan-paketea), zirkulartasuna, bizi-zikloaren analisia (LCA) eta proiektuaren garapenei aplikatu beharreko ingurumen-ziurtagiriak (5. lan-paketea), baita komunikazio-, zabalkunde- eta emaitzen ustiapen-ekintzak ere (6. lan-paketea).

Joensuuko METLA eraikinak, batzarraren erakunde anfitrioi LUKEren eta EFI Bioregionsen egoitzak, INGUMAren produktuen eta horiek fabrikatzeko erabilitako materialen trazabilitateari buruzko workshop bat hartu zuen. Jardunaldia eraikina bertatik bertara ezagutzeko bisitarekin amaitu zen.
Hirugarren jardunaldia Forest Joensuuren hitzaldi batekin hasi zen. Erkki Verkasalok eskualdeko ekosistemaren aurkezpena egin zuen, eta LUKEk gaur egun martxan dituen ekimen eta proiektu nagusiak azaldu zituen.

Ondoren, INGUMAko partzuergoak LUKEren instalazioak eta laborategiak bisitatu zituen. Bertan garatzen dira proiektuari lotutako hainbat produktu. Bisitan zehar, haien garapen berritzaileenetako baten fabrikazio-prozesua gertutik ezagutzeko aukera izan zuten: onddoetatik lortutako apar batez egindako sandwich panela.


Hurrengo saioa Savonlinnan egin zen, Finlandiako Hego-ekialdeko Zientzia Aplikatuen Unibertsitateko (XAMK) instalazioetan. Bertan, amaitu gabe zeuden lan-paketeen jarraipena egin zen, eraikin pilotuei nahiz proiektuaren kudeaketa eta koordinazioari lotutako gaiei dagokienez, eta horrela amaitutzat eman zen Batzar Nagusia.
Taldeak INGUMAren panelak eta produktuak instalatuko diren eraikina ere bisitatu zuen. Eraikin guztiz sentsorizatua da, eta XAMKk bere garapenen portaera baldintza errealetan aztertzeko erabiltzen du. Ondoren, ordezkaritzak XAMKko laborategiak ezagutu zituen; bertan, INGUMAren esparruan garatutako panelen eta bestelako produktuen saiakuntza-prozesuak bertatik bertara ikusi ahal izan zituzten.
Jardunaldiak Stora Ensoren instalazioetan jarraitu zuen. Bertan, enpresaren produktu adierazgarrienetako baten fabrikazio-prozesua aurkeztu zen: LVLa (Laminated Veneer Lumber).

Ostiralean, parte-hartzaileek Lusto Finlandiako Baso Museoa bisitatu zuten, baso-kulturaren zabalkundean nazioarteko erreferentetzat jotzen dena. Museoa Saimaa aintziraren barrutian dago, Punkaharjuko Kontserbazio Gunearen ondoan.
Proiektuaren VII. Batzar Nagusia Euskadin egingo da. Bertan, Tecnalia, Orloga eta Garnica, besteak beste, bazkide diren erakundeen instalazioak bisitatzeko aukera izango dugu. Horrela, bazkideok erakunde bakoitzak INGUMAren garapenetan egiten duen ekarpena xehetasunez ezagutuko dugu.