Baskegurrek etapa berri bati ekin dio, Shaila Olmos presidente izendatuta — Baskegur

Baskegurrek etapa berri bati ekin dio, Shaila Olmos presidente izendatuta

Baskegurrek etapa berri bati ekin dio, Shaila Olmos presidente izendatuta

Basogintza- eta egurgintza-sektoreak Euskadiren garapen jasangarriari egiten dion ekarpena indartzearen aldeko apustua egiten du Olmosek, eta askotariko erronkei heldu nahi die, hala nola basoen osasunari, egur-hornidurari eta arau-esparru berrira egokitzeari.

Baskegurren Batzar Nagusiak Shaila Olmos aukeratu du datozen lau urteetan Euskadiko Egurraren Elkarteko presidente izateko. Olmos kargu horretarako izendatzeak etapa berri bat ireki du elkartean, baso-osasunak, egur-hornidurak, gero eta zorrotzagoa den arau-esparru batera egokitu beharrak eta beste zenbait erronkak markatutako momentu batean.

Olmosek Federico Saizen lekukoa hartu du, zeina 2014tik izan baita elkartearen buru. Hamabi urte hauetan, Baskegurrek indartu egin du euskal basogintza- eta egurgintza-sektorearen erreferentziako erakunde gisa duen eginkizuna, eta, balio-kateko eragileen arteko lankidetza bultzatzeaz gainera, sendotu egin du sektoreak erakundeekin eta gizartearekin duen elkarrizketa.

Shaila Olmos aspaldiko urteetan dago lotuta basogintza-sektoreari, eta Arefor elkarteko presidentea da (Euskadiko baso-enpresa errematatzaileak biltzen dituen elkartekoa, alegia). Aurretik, Baskegurreko aurreko Zuzendaritza Batzordeko kide izan da diruzain gisa. Bere ibilbideari esker, bertatik bertara ezagutu du Euskadirako estrategikoa den jarduera baten errealitatea, eta ezagunak zaizkio, berebat, ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-eraldaketaren alorreko erronkak.

Batzar Nagusiaren aurrean egindako hitzaldian, presidente berriak nabarmendu du garrantzitsua dela basogintza- eta egurgintza-sektorearen rola indartzen jarraitzea garapen jasangarrirako motor gisa, landa-ingurunean enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzeko eragile gisa, eta ekonomia deskarbonizatuago baterako trantsizioan funtsezko aliatu gisa.

Olmosek hizpide izan ditu, era berean, datozen urteetan landuko diren erronka nagusietako batzuk; esate baterako, baso-osasuna, ikerketaren, baso-kudeaketaren eta mendien eguneroko errealitatearen arteko lotura indartzeko beharra, egurraren hornidura-katea sendotzea, eta gero eta zorrotzagoa den arau-esparrura egokitzea.

Elkarte sendo batekin begiratzen diogu etorkizunari, baina erronka garrantzitsuak ditugu aurrez aurre. Basoen osasuna da horietako bat. Izurrite eta gaixotasun berriak eta klima-aldaketaren ondorioak agertzeak behartu egiten gaitu sektore osoan prebentzioa, zaintza eta erantzuteko gaitasuna indartzera. Jakintza sortzen jarraitu behar dugu, eragile guztien arteko lankidetza indartu, eta estutu egin behar dugu ikerketaren, baso-kudeaketaren eta gure mendien eguneroko errealitatearen arteko lotura. Izan ere, horrela bakarrik bermatuko dugu gure basoen osasuna, horiek baitira gure balio kate osoaren jatorria”, adierazi du.

Era berean, balioa eman dio Baskegurrek egiten duen lanari, eta adierazi du sektorearen errealitatea herritarrengana hurbiltzen duela eta lagundu egiten duela, orobat, emakumeen talentua aukera profesional garrantzitsuak dituen jarduera batean txertatzen, dela basogintzan, dela industrian.

Zuzendaritza Batzordea berritzea

Batzar Nagusiak, halaber, elkartearen gobernu-organoak eguneratu ditu. Kide hauek osatuko dute Baskegurreko Zuzendaritza Batzorde berria: Shaila Olmos (presidentea), José Antonio Zabala, Eduardo Márquez, Janire Laconcha, Federico Saiz eta Mikel Antón.