“Egurraren herria. Bosque country” kanpainak edizio berri bat abiatu du, Euskadiko baso-egur-sektorearen kudeaketa eta balioa herritarrei hurbiltzeko xedez — Baskegur

“Egurraren herria. Bosque country” kanpainak edizio berri bat abiatu du, Euskadiko baso-egur-sektorearen kudeaketa eta balioa herritarrei hurbiltzeko xedez

“Egurraren herria. Bosque country” kanpainak edizio berri bat abiatu du, Euskadiko baso-egur-sektorearen kudeaketa eta balioa herritarrei hurbiltzeko xedez

Produktu eta material elkarreragileen erakusketa bat daraman kamioi ibiltari batek hiru euskal lurraldeetako hogei herri inguru bisitatuko ditu, gaurtik datorren uztailaren 8ra arte. Ekimena PEFC Euskadik finantzatzen du, foru-aldundiekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera.

Donostia da “Egurraren Herria. Bosque Country” kanpaina ibiltariaren edizio berriaren abiapuntua. Erakusketa-kamioia Saguesen kokatu da gaur, eta bertan egongo da maiatzaren 10era arte -igandea-, publikoari irekitako proposamen batez. Horren helburua da herritarrek ezagutu dezatela, zuzenean, nola kudeatzen diren basoak eta zergatik den bertoko egurra funtsezko baliabide bat ekonomia eta jasangarritasunerako. Ekimena esperientzia-gune bihurtutako unitate mugikor batean garatzen da, eta berarekin Euskadiko hogei bat herri bisitatuko ditu datorren uztailera arte.

Ibilgailuak material elkarreragileak eskaintzen ditu, eta horien bidez sektorearen balio-katea zeharkatu daiteke, esperientzia immertsibo, ikus-entzunezko eduki eta dinamika parte-hartzaileen bitartez. Ibilbideak barne hartzen ditu egurrezko produktuen erakusketa bat, jolasak, eta baliabide digitalak, eta baita ziklo osoa ulertzen laguntzeko diseinatutako proposamenak ere, hots, zuhaitzaren hazkundetik hasita eta azken produktu bihurtu arte doan ziklo osoa ulertzeko diseinatutako proposamenak. Elementu pedagogikoak txertatzen dira, hala nola “Ñupi” pertsonaia, eskola-publikoari bereziki laguntzen diona basoaren zikloa eta beraren kudeaketa jasangarria ulertzen.

“Egurraren Herria. Bosque Country” ibilbide berria

Donostiatik pasatu ondoren, kanpainaren ibilbidea hiru lurralde historikoetako hogei bat herritatik pasatuko da, Bilbon (maiatzaren 29tik 31ra) eta Gasteizen (ekainaren 26tik 28ra) geldiuneak eginez; era horretan, Euskadiko orainaldi eta etorkizunerako funtsezkoa den errealitate bat publikoari hurbiltzeko tresna gisa finkatuko da. Beste herri batzuen artean, “Egurraren Herria. Bosque Country” kamioiak Guardia, Zuia, Amurrio, Deba, Zumarraga, Hondarribia eta Bermeo bisitatuko ditu.

Ekimen hori, herritarrei ez ezik ikastetxe eta elkarteei ere zuzenduta dago, publiko mota desberdinei egokitutako bisitekin. Edizio honetan parte hartuko dute, beste batzuen artean, Donostiako EASO Politeknikoak eta Ortzadar Ikastetxeak eta Bizkaiko Mungiako BHIak. Saio hauek ahalbidetzen dute baso-kudeaketaren errealitatea zuzenean ulertzea, egurraren erabilerari buruzko ideia sinplifikatu edo okerrak gezurtatuz eta bere izaera berritzailearen, bere trazabilitatearen eta jasangarritasunari egiten dion ekarpenaren balioa nabarmenduz.

Bere aurreko edizioan, “Egurraren Herria. Bosque Country” kanpainak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 18 herri bisitatu zituen, hiru hiriburuak barne sartuta. Guztira, 6.429 pertsonak parte hartu zuten ekimen horretan, horien artean 1.600 eskola-ikaslek.

Funtsezko sektore bat baso-herri batentzat

Euskadi Europan baso-azalera handiena duten lurraldeetako bat da: bere azaleraren % 55 basoak dira, eta horren % 49,5 inguru hostozabal autoktonoak dira. Baso-/egur-sektoreak 19.000 lanpostu inguru sortzen ditu, eta bertoko lehengaietan sostengatzen da, hots, bertoko konifero eta hostozabaletan, eta horrek indartzen du garapen ekonomikoari eta ingurumen-jasangarritasunari egiten dion ekarpena.

“Euskadi baso-herrialdea da, eta euskal herritarrek gure basoen atzean dagoen guztia hobeto ezagutzea beharrezkoa da: kudeaketa jasangarria, prebentzioa, biodibertsitatea, landa-enplegua eta tokiko industria. Euskadiko egurraren alde egitea jarduera ekonomikoa sortzen duen, deskarbonizazioan laguntzen duen eta gure lurraldea bizirik mantentzen laguntzen duen baliabide berriztagarri baten alde egitea da”, adierazi du Elikagaien Politika eta Industriako Zuzendariak, Iker Iglesiasek.

“Egurraren Herria. Bosque Country” kanpaina ibiltariak Euskadirentzat estrategikoa den eremu gisa kokatzen du baso-/egur-sektorearen rola. Kontserbaziorako hostozabal autoktonoen basoen kudeaketak eta espezie osagarrien egurraren aprobetxamenduak eta eraldaketak konfiguratzen duten balio-kateak jarduera ekonomikoa, enplegua eta jasangarritasunaren eta deskarbonizazioaren erronkekin lerrokatutako irtenbideak sortzen ditu.

“Egurra, baliabide natural jasangarria izateaz gain, karbono gutxiko ekonomia bat toki-mailatik eraikitzeko oinarria da. Produktu bakoitzaren atzean, mendian hasten den balio-kate bat dago, hots, enplegua sortu eta lurraldearen kudeaketa jasangarriari laguntzen dion balio-kate bat”, adierazi du Baskegurreko zuzendari Oskar Azkaratek.

Euskadiko baso-egur-sektorea baso-jabetzan hasten den egitura batean oinarritzen da, berau mendien zaintza, lehengoratze eta kudeaketa aktiboaren arduraduna baita, eta gero baso- eta industria-enpresekin jarraitzen du, hauek egurra eraldatzen baitute, eraikuntzan, altzarietan edo bilgarrietan presentzia duten produktu bihurtuz. Kanpainak ibilbide oso hori nabarmentzen du bereziki, eguneroko paisaia osatzen duten basoen atzean zer dagoen erakutsiz.

Ildo horretan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko diputatuak, Xabier Arrutik basoek eta basogintzak gizarteari egiten dion ekarpena baliotsua bezain ezinbestekoa azpimarratu du: “Egurraren atzean basogintzaren eta basoen kudeaketa jasangarriaren garrantzia dago eta sektore honek ere, baditu bere erronkak, hala nola suteak, izurriteak edota, noski, aipagarrienetarikoa, klima aldaketa. Horregatik, premiazkoa eta ezinbestekoa da gizarte osoa sentsibilizatzea eta gizarte osoak kudeaketa jasangarriak eta gure baliabideen aprobetxamendu arduratsuak duten garrantzia ezagutzea. Kontua ez da soilik ingurunea zaintzea, baizik eta gure basoen eta lurren kudeaketa horrek enplegua sortzen duela, landa ingurunea biziberritzen duela eta klima-aldaketaren aurkako borroka eraikitzen laguntzen duela ezagutaraztea”.

Euskadiko basoen zati esanguratsu bat titulartasun pribatukoa da, eta, hortaz, basoetako jabeak funtsezko eragileak dira lurraldearen kudeaketarako. Haien lanak berebiziko garrantzia du bai ingurunearen kontserbaziorako eta bai tokiko egurraren hornidura industriari bermatzeko, landa-eremuari lotutako jarduera ekonomiko baten jarraitutasuna segurtatuz.

Kanpainaren eragilea PEFC Euskadi da, hots, baso-ziurtapenaren alorrean erreferentea den erakunde bat. Honek bermatzen du basoen kudeaketak bete egiten dituela nazioartean aitortutako ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-irizpideak. Horrez gain, badu beste erakunde hauen sostengua: hiru foru-aldundiak, Eusko Jaurlaritza —Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren bitartez, eta HAZI Fundazioarekin batera— eta Baskegur, Euskadiko egurraren balio-kate osoaren enpresak biltzen dituen erakundea.