"Egurraren Herria. Bosque Country" kanpaina ibiltaria Gipuzkoara iritsi da eta azaroaren 30ean amaituko du ibilbidea — Baskegur

“Egurraren Herria. Bosque Country” kanpaina ibiltaria Gipuzkoara iritsi da eta azaroaren 30ean amaituko du ibilbidea

“Egurraren Herria. Bosque Country” kanpaina ibiltaria Gipuzkoara iritsi da eta azaroaren 30ean amaituko du ibilbidea

PEFC Euskadik bultzatua, hiru foru aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin; Hazi Fundazioaren eta Baskegurren lankidetzarekin. Kanpaina Europar Batasuneko Next Generation funtsen bidez kofinantzatua izan da.

Araba eta Bizkaia bisitatu ondoren, PEFC Euskadiren kanpaina ibiltariaren unitate mugikorra Gipuzkoara iritsi da, basogintza sektorea herritarrengana hurbiltzeko. Ekimen honek tokiko egurra balioan jartzen du, ekonomia zirkular eta karbono-aztarna txikiko ereduaren zutabe gisa. Kudeaketa iraunkor eta ziurtatuaren bidez eskuratutako material berriztagarria da, petrolio-deribatuen ordezko bertakoa; eta isuriak murrizten laguntzen du. Kanpainak, halaber, balio-kate osoa osatzen duten pertsonak ikusarazten ditu: baso-jabetza, baso-laneko enpresak eta industria.

“Kanpainaren helburu nagusia basogintza sektorea eta haren balio-kate osoa herritarrengana, eta bereziki hezkuntza-zentrora hurbiltzea da: jabeetatik hasi eta basoetan lanean diharduten enpresetatik igarota, lehen eta bigarren eraldaketako industriek ekoizten dituzten produktu guztietaraino. Egurra bezalako material natural eta berriztagarriarekin lan egiten dugu eta produktu horiez inguratuta bizi gara. Sarritan, ordea, ez dakigu nork eta nola egiten dituen”, Oskar Azkaratek, Euskadiko Egurraren Elkarteko zuzendariak, Baskegur, azaldu du. “Halaber, EAEko lurraldeetan kudeaketa aktibo eta iraunkorra balioan jarri nahi dugu. Kontuan hartu behar da, adibidez, Gipuzkoan zuhaitz-azaleraren % 80 pribatua dela”.

Bestalde, Xabier Arruti, Lurralde Oreka Berdeko foru diputatua, gaur goizean Tolosan egindako ekimenaren aurkezpenean izan da eta proposamena txalotu du. “Egurra Zero kilometroko produktua da, berriztagarria, eta haren erabilerak beste materialen ordez, gainera, karbono aztarna murrizten laguntzen du”, adierazi du Arrutik.

Ildo horretan, gaineratu duenez, “ekonomia jasangarriago baterantz igarotzeko, beharrezkoa da zuraren tokiko baso bioekonomia sustatzea, betiere hiru zutabeen arteko oreka errespetatuz: ingurumena, ekonomia eta gizartea”. Horregatik, horrelako ekimenak “funtsezkoak dira herritarrak sektorearen balioaz eta lurraldeari egiten dion ekarpenaz sentsibilizatzeko”, azpimarratu du foru diputatuak.

Tolosan egon ondoren, unitate mugikorraren hurrengo geltokia bihar Donostian izango da; eta ondoren Zarautzen (azaroaren 19an), Eibarren (azaroaren 21ean), Errenterian (azaroaren 26an) eta Irunen (azaroaren 30ean), Euskadin egingo duen ibilbideko azken geltokia izango den herria. Bi hilabetez ibilian aritu ostean eta 18 udalerri bisitatu ondoren, unitate mugikorra milaka pertsonak bisitatzea aurreikusten da, gehienbat ikasleek. Kanpaina honen osotasunak PEFC Euskadiren, hiru foru aldundien eta Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren babesa du; baita Hazi Fundazioarena eta Euskadiko Egurraren Elkartearena, Baskegurrena, ere. Unitate mugikorra Europar Batasuneko Next Generation funtsen bidez finantzatu da, Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan.

Hezkuntza eta iraunkortasuna: esperientzia murgiltzailea Kamioia zabaldu egiten da; irekitzean, bisitariek balio-katea zeharkatu dezakete, eduki digital audiobisualekin elkarreraginez eta modu ludikoan ikasiz. Espazioa, ikasteko eta ondo pasatzeko diseinatuta dago. Erakusketak honakoak biltzen ditu:

  • Egurrezko produktuen erakusketa, bizikletetatik hasi eta eraikuntzarako eta arotzeriarako taularaino, zuhaitza nola bihurtzen den eguneroko objektu erabilgarri erakusteko. Euskadiko enpresek baso-kudeaketa iraunkorrari esker egiten dituzten produktuak balioan jartzeko modu bat, eta ekonomia berdearen aldeko apustuaren garrantzia azpimarratzeko.
  • Dinamikak eta jarduera interaktiboak, besteak beste ihes-gela (Escape Room) bat, sektoreko datuetan oinarritutako pistarekin.
  • Joko didaktikoa eta panel grafikoa, eredu linealen eta erregai fosiletan oinarritutakoen aurrean, egurraren kudeaketa iraunkorrak dakartzan abantaila sozial eta ingurumen-abantailak egiaztatzeko.
  • Tabletak eta joko digitalak, baso-kudeaketa iraunkor eta zirkularraz modu ludikoan ikasteko.
  • Ñupi pertsonaia, bisitariek gidatzen duen iratxoa, zuhaitz baten bizi-zikloa azaltzen diena (inausketa, mozketa, eraldaketa, birlandaketa eta aprobetxamendua arduratsua), Baskegurrek sortua, PEFC ziurtagiri bidezko baso-kudeaketa iraunkorraren garrantziaz ikasleak sentsibilizatzeko.
  • Sektore-infografiak, enpleguari, ekoizpenari eta ingurumen-onurei buruzko datuak ezagutzeko.

Ibilbidean zehar, pantaila batzuetan kanpainako protagonisten bideoak proiektatuko dira; balio-katearen fase desberdinak eta herritarren eta basoen arteko harremana erakusten dituzte, bisitariek sektore osoa ezagutu eta ulertu dezaten, basoak zaintzen dituztenen, egurra eraldatzen dutenen eta sozial, ekonomiko eta ingurumen onurak sortzen dituztenen lana ikasiz:

  • “Etorkizuna hemen hazten da” – María José Zubillaga, baso-jabetzaren ordezkaria, familia-basoak zaintzen dituena.
  • “Kudeatutako basoak, baso seguruagoak” – Iñaki Garmendia, baso-zaindaria, kudeaketa iraunkorra, biodibertsitatea eta basoen segurtasuna bermatzen dituena.
  • “1 zuhaitz moztu, 6 landatu” – Alexander Olmos Gil, baso-langilea, basoak osasuntsu mantentzen dituena eta bertako egur berriztagarria hornitzen duena.
  • “Kontsumitu hemengo, Km0ko egurra” – Arturo García Arceo, eraldaketako profesionala, tokiko eta jasangarriak diren produktuak sortzen dituena.
  • “Gure egurrak zure CO₂ aztarna murrizten du” – Begoña Herrera, herritarra, material jasangarri eta lokalak hautatzen dituena isurketak murrizteko.
  • “Basoak zaintzen ditut; haiek ni zaintzen naute”– Garazi Ayo Larrinaga, etorkizuneko baso-ingeniaria, herritarren eta ingurunearekiko lotura eta hura hobetzeko nahia islatzen dituena. Astegunetan, bisitak talde dinamizatzaile batek gidatuko ditu eta, batez ere, ikasleei zuzenduta egongo dira; asteburuetan, sarrera librea izango da helduentzat eta haurrentzat ere bai. Jarduera publikoa, doakoa eta mugikortasun urriko pertsonentzat irisgarria da.

Euskadi, baso-herria

Euskadiren %55 basoz estalita dago, Europar Batasuneko portzentaje altuenetako bat. Baso gehienak titularitate pribatukoak dira, eta haien kudeaketa baso-jabetzaren esku dago, bai egurra ekoizteko, bai kontserbaziorako. Egiten duten lanari esker, Euskadin erabiltzen den egurraren %70etik gora bertakoa da, eta sektore eraldatzaileak 19.000 enplegu inguru sortzen ditu, zuzenekoak zein zeharkakoak. Kudeatutako basoek suteen prebentzioan laguntzen dute eta onura ekosistemiko giltzarriak ematen dituzte, karbonoa xurgatzen dute, biodibertsitatea babesten dute, ur-kudeaketan laguntzen dute eta aisialdirako eta kirolerako espazioak eskaintzen dituzte. ‘Egurraren Herria. Bosque Country’ kanpainari esker, gizarteak Euskadiko baso-egur sektorearen errealitatea bertatik bertara ezagutzen du, bere produktuek eta ematen dituzten onurek dakartzaten aukerak, bertako eta jasangarri den egurraren kontsumoa sustatuz, basogintzako bioekonomia zirkularraren esparruan; eredu ekonomiko linealaren eta ez-berriztagarri zein energia intentsiboko produktuen aurrean. PEFC Euskadi duela 20 urte baino gehiago sortu zen, Euskadiko basoen kudeaketa iraunkorra irizpide ekonomiko, sozial eta ingurumenekoekin bat etor dadin ziurtatzeko eta lurralde-orekari laguntzeko helburuarekin.

Kanpainaren informazio eta laguntza-material guztia www.pefc.eus eskuragarri dago.