EAE-ko egurraren industria hazten eta lehiakortasuna lortzen ari da — Baskegur

EAE-ko egurraren industria hazten eta lehiakortasuna lortzen ari da

EAE-ko egurraren industria hazten eta lehiakortasuna lortzen ari da

Inbertsio eta modernizazio-ekintza nabarmenak egiten ari dira, kontsumo handiko merkatuen eta produktu berrien eskariari erantzuteko

Baso-kudeaketa aktibo eta jasangarriari esker, EAEk azken urteetako sute-ratiorik baxuenetakoa lortu du, Estatuko batezbestekoa baino askoz ere zifra txikiagoekin

EAEko baso-egurraren sektorea sendoa da, eta proiekzioa du, bai basogintzan, bai industrian. Testuinguru globalean ziurgabetasuna dagoen arren —merkatu batzuetan izan ezik—, jarduerak dinamismo nabarmena du, oro har, eraikuntzan eta enbalajean, besteak beste, material jasangarrien eskari gero eta handiagoak bultzatuta. “Sektorearen etorkizuna oso positiboa da. Gizarteak material berriztagarriak eta hurbilekoak eskatzen ditu, eta EAEn bermeekin erantzuteko basoak, ezagutza eta industria ditugu. Hala ere, tokiko egurraren hornikuntza bermatzeko lanean jarraitu behar da, material horren gehien-gehiena ematen digun espezieak bizi duen egoera dela-eta”, azpimarratu du Oskar Azkaratek, Baskegur erakundeko zuzendari nagusiak.

Gainera, esparru horretan, inbertsio eta modernizazio-ekintza nabarmenak egiten ari dira, batez ere lehen eta bigarren transformazioetan, kontsumo handiko merkatuei eta produktu berriei heltzeko. Duela gutxi baso-kamioien gehieneko karga 44 tonara igotzen duen araudi berria ezarri da, eta hori ere “aurrerapen handia da sektorearen lehiakortasunerako, eta
Europako gure bizilagunekin parekatzen gaitu”, dio Azkaratek.

“EAEko basogintza-industria Europako hegoaldeko sendoenetakoa da. Mendiaren kudeaketa aktiboa eta jasangarria eta hurbileko egurraren erabilera ditu oinarri. Erabiltzen duen egurraren % 70 baino gehiago EAEko basoetatik dator. Horrek eredu zirkularra indartzen du, eta enplegua eta balioa sortzen ditu lurraldean. Lehen sektorea eta gure baserritarrak bultzatzen dituen 0 kilometroaz ari gara”.

Bioekonomiaren eta ekonomia zirkularraren esparruan proiektuak abiarazita, Baskegur erakundeak baso-garapen arduratsua eta egurraren industria berritzailea sustatzen jarraituko du, lurraldean balioa sortu eta EAEko deskarbonizazio-helburuak lortzen laguntzeko.

Basoen herria
EAE baso gehien dituen lurraldeetako bat da Europan: azaleraren % 55 baino gehiago —400.000 hektarea inguru— basoz estalita dago. Gainera, ia erdia baso hostozabal autoktonoak dira. Datu horrek agerian uzten du EAEko mendiaren dibertsifikazio progresiboa. Administrazio orekatu horri esker, kontserbazioa eta aprobetxamendu arduratsua konbinatu daitezke, eta, horrela, zerbitzu ekosistemikoak eta tokiko lehengaien hornidura bermatu.

Aurten —urte bereziki zaila izan da, Estatu osoan egon diren suteengatik—, EAEk azken urteetako ratiorik baxuenetakoa du, Estatuko batezbestekoa baino askoz ere zifra txikiagoekin. “Horrek erakusten du baso-kudeaketa jasangarri aktiboa dela prebentziorako tresnarik onena”, azaldu du Azkaratek. “Arriskua ezin da inoiz ezabatu, baina mendia bizirik, kudeatuta eta produktibo mantentzea da prebentzio onena”.