Baskegurrek bioekonomiaren aldeko apustua aurkeztuko du bioterran
Baskegurrek, Euskadiko Egurraren Elkarteak, Bioterrarekiko konpromisoari eusten dio, eta, hala, erakusketa horretan azalduko du zer-nolako onurak dakartzan baliabide natural berriztagarri eta jasangarrietan –egurrean, esaterako– oinarritzen den eredua bultzatzeak.
Energia berriztagarrien, kontsumo arduratsuaren eta produktu ekologikoen euskal topagune nagusiak, Bioterrak, ekonomia zirkularra izango du ardatz aurten, eta berriz ere erantzukizun-ariketa bat proposatuko digu, planeta zaintzeko eta hondakin gutxiago sortzeko. Horretarako, garrantzitsua da erabilera bakarreko produktuak saihestea eta balio-kateari arreta ematea: materialen aukeraketa, diseinua, energia-kontsumoa, banaketa, konponketa eta berrerabilpena… kontuan hartzeko funtsezko alderdi gisa.
Agertoki berri honetan egurrak funtzio garrantzitsua du, Euskadin dugun lehengai natural ugariena baita, basogintza-mundua erreferentetzat duen bioekonomia-estrategia bat garatze aldera.
Baskegurreko zuzendariak, Oskar Azkaratek, ekonomia berdeago baten aldeko apustuan egurrak duen garrantzia nabarmendu du; “izan ere, birziklatzearekin eta berrerabilpenarekin konprometitu behar dugu, baina are garrantzitsuagoa da jatorritik bertatik bio diren lehengaiak erabiltzea; gure ekosistemak mantentzen dituzten lehengaiak, CO2aren hustubide modura funtzionatzen dutenak, eta fabrikazio-prozesuan askoz karbono-aztarna txikiagoa uzten dutenak petroliotik eratorritako produktuek baino”.
Baskegurren erakusketan aukera egongo da zenbait produktu eta material ezagutzeko, lehen eta bigarren eraldaketako euskal enpresek sortutakoak, soluzio jasangarriak eskaintzeko hainbat arlotan: enbalatzea, paper- eta kartoi-ekoizpena, egurrarekin egindako eraikuntza eta egurra erabiltzea energia sortzeko biomasa modura.
Era berean, bertaratutakoei informazioa emango zaie basogintzaren (egurra) euskal sektoreak baso-kudeaketa jasangarriaren alde egindako apustuaz. Apustu horren bermea dira PEFC eta FSC zigiluak, produktuen ingurumen-aztarna neurtzen duten ziurtagiriak, eta, azken batean, egurra eraldatzen gero eta efizienteagoak izatea.
Basogintzaren (egurra) euskal sektoreak administrazioarekin eta teknologia-zentroekin lan egiten du, petrolioarekiko dugun menpekotasuna murrizteko aukera emango diguten produktuak garatzen. Esate baterako, zerrautsez ekoitzitako poliuretanozko apar isolatzaileak garatzen, petrolioaren industriako poliolak ordezkatzeko; nekazaritza-sailetan papera erabiltzen, plastikoen ordez; zuzenean zuhaitzetatik ateratako berniz eta egur-babesle naturalak fabrikatzen; baita zuhaitzetatik ateratako ehun-zuntzekin kamisetak egiten ere.
Baskegurrek, halaber, Europako beste bazkide batzuekin lan egiten du, komunitate-mailan bioekonomia zirkularra garatzeko eta sustatzeko. Horretarako, Horizon 2020, Interreg Sudoe eta Life proiektuetan parte hartzen du.