Baso-egur sektoreak jasangarritasunaren alde egindako apustua azpimarratuko du Baskegurrek, Berdeago azokaren online edizioan
Sektorearen balio-kate osoa ordezkatzen duen Baskegur, Euskadiko Egurraren Elkartea, berriz ere egongo da Berdeago, Jasangarritasunaren Euskal Azokaren edizio batean. Aurreko edizioak aurrez aurre egin izan dira Durangoko Azokan, eta oraingoan birtual bihurtu da, COVID-19aren pandemiak baldintzatutako egoeran egiten jarraitu ahal izateko.
Baskegurreko zuzendari nagusiak, Oskar Azkaratek, elkarteak foro horretan jarraitzearen alde egindako apustua azpimarratu du. Horren helburua “basogintzaren (egurra) sektoreak bere jarduera ekonomikoaren garapena nahitaezko ingurumen-jasangarritasunarekin eta jasangarritasun sozialarekin uztartzeko duen konpromisoa erakustea” da.
Datorren ekainaren 3an, 09:30ean, hitzaldi bat emango du online; horretan, Basoko Bioekonomia Zirkularra sustatzeko asmoz elkarteak martxan jarritako proiektuez eta ekimenez hitz egingo da. Egurrean eraikitzea, kimika berdea, plastikozko enbalajeen ordez gure basoetatik datozen beste lehengai berriztagarri batzuk erabiltzea… klima-aldaketaren aurka borrokatzeko alternatibak dira. Euskadin martxan daude dagoeneko, eta are gehiago garatu beharra dago, Europa iparraldean eta erdialdean jada egiten den bezala.
Baskegurrek bere saltokia du azoka birtualean, eta, bertan, beraren jarduerari buruzko irudiak, katalogoak eta bideoak ikus daitezke.
Azoka birtualera sartzea doakoa izango da. Gonbidapena eska dezakezu dagoeneko, hemen: