Sektorearen errealitateak eta topikoak Euskadin
Euskadiko basogintzaren (egurra) sektorearen errealitatea ez da gaur egun pertsona askok pentsatzen duten modukoa. Sektoreak onartzen du, askotan, ez duela jakin izan, bereziki landa-ingurunekoak ez diren pertsonen eraginez, jarduerari buruz pixkana eratu diren mito eta kondairei aurre egiten; landa-ingurunekoek hobeto ulertzen eta ezagutzen dute basogintzak zer-nolako garrantzia duen.
Hauek dira sektoreak errealitatearekin alderatu nahi dituen mito eta kondairetako batzuk.
-
Intsinis pinuak eta horrelako koniferoek suntsitu dute Euskadiko baso autoktonoa?
Baieztapen hori ez da zuzena. Hostozabal autoktonoek larriki murriztu zuten beren hedadura zenbait mende lehenago, batez ere itsasontzigintzaren, burdinoletarako ikatz-jardueraren eta abarren ondorioz. Gaur egun, espezie autoktonoen masa XX. mendearen bigarren erdiko baso-berritzearen aurretik zegoenaren adinakoa da. Hariztiak eta pagadiak mehatxatuta zeuden Erdi Arotik; eta lehenengo babes-tresnak ezarri ziren garai horretan.
Pinuak, batez ere, iralekuetan, larreetan eta dehesa-eremuetan landatu ziren, bereziki abereak hazteko erabiltzen zirenetan.
-
Orain baino baso gehiago zeuden lehen
XX. mendearen hasieran, zuhaitz-azalera % 20koa zen soilik. Gaur egun, EAEn % 26 baso naturala da, eta % 55 zuhaiztia. Zuhaitz-azaleraren gaur egungo ratioak garrantzitsuak dira oso.
Azken 40 urteetan, bikoiztu egin da gure zuhaitz-masek duten egur kopurua, eta, inbentariotik inbentariora, handitu egin da haien azalera.
-
Pinuak landatzeak eta batez ere eukaliptoak landatzeak lurra pobretzen dute, eta iturburuak lehortzen dituzte
Baso-espezie bakoitzak bere oreka lortzen du lurzoruarekin, eta haren kalitatea baso-praktika desegokien mende dago bereziki, eta ez horrenbeste espezieen mende. Era berean, ezin zaio espezie bati iturrien eta akuiferoen gaineko eragina leporatu, landare guztiek, autoktonoek eta exotikoek, metro gutxiko sakoneran kontsumitzen baitute ura; baina testuinguruan aztertu behar da hori, eta, lur batean dagoen ur guztia kontuan hartuta, zenbat ur gehiago xurgatzen duen ikusi behar da.
Fisiologia aktiboagoa eta hazkunde handiagoa dutenek ur gehiago kontsumituko dute, baina gehiago transpiratuko dute, eta, halaber, euri gehiago eta hezetasun handiagoa sortuko dute. Lehorteetan, jarduera begetatiboak behera egiten du, eta ur gutxiago dagoen garaietan, xurgapena murriztu egiten da.
-
Ez lirateke landatu behar autoktonoak ez diren espezieak
Ia baratze-espezie guztiak ez dira autoktonoak. Gaztainondoa, intxaurrondoa eta gureak direla uste dugun beste baso-espezie batzuk ez dira hemengoak. Jabeak espezie bat aukeratzen du bere lurrari, hazkundeari eta egur-merkatuari egokitzen ote zaion kontuan hartuta. Basoak eta mendiak ez dira ekosistema naturalak soilik, kulturalak ere badira, tokiko komunitateekin izandako antzinako elkarreraginen bidez sortutako eboluzio-prozesu biokulturalaren emaitzak baitira.
Euskal Herrian, intsinis pinua eta horrelako espezieak industria eraldatzailearen oinarri bihurtu dira, eta aberastasuna sortu dute baso-jabeentzat eta sektorearen balio-kate osoarentzat. Gainera, basogintzako bioekonomia jasangarriaren oinarria ere bada, eta petrolioaren deribatuak ordezkatu ditzaketen materialak aurkitu nahi ditu.
-
Hobe da basoei bakarrik hazten uztea, kudeaketarik gabe
Mendi eta basoen kudeaketa ezinbestekoa da horiek mantentzeko: suteak eta izurriteak prebenitzen ditu, eta ingurumena zaintzen du. Batez ere, milaka urtetan kudeatu eta landu diren gure baso eta mendiak. Kudeaketa jasangarriak ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-baliabideak kontserbatzeko edo hobetzeko aukera ematen du. Bertan behera utziz gero, landa-garapenerako baliabide asko galduko lirateke; biztanleria eta ekonomia atzeraldian dauden inguruneetan finkatuko lirateke, eta lehengai berriztagarri eta jasangarrien iturriak galduko lirateke.
-
Euskadiko baso eta mendiak lur-jabe handien jabetzakoak dira
20.000 jabe baino gehiago daude EAEn. 5 ha/jabe batez beste. Euskadiko baserriek nekazaritzarako, abeltzaintzarako eta basogintzarako lurrak behar zituzten bizirik iraun ahal izateko, eta, beraz, ia ez dago bere mendi edo basorik ez duen baserririk. Basogintza eta egurraren jarduera garrantzitsuak dira oso landa-garapenerako, bai eta klima-aldaketaren aurkako borrokarako ere. Egurraren kostuen igoeraren eta prezioen murrizketaren ondorioz azken urteotan baso-sartzeen errentagarritasuna murrizten joan den arren, baso-jarduerak garrantzi handia du oraindik ere Euskadiko landa-inguruko errentetan.
-
Baso-ekoizpena bateraezina da natura-baliabideen kontserbazioarekin
Kudeaketak jasangarria izan behar du, bere hiru funtzioetan: gizartean, ingurumenean eta ekonomian. Horietakoren batek huts egiten badu, kudeaketa ez litzateke jasangarria izango. PEFC eta FSC ziurtagiriek basoen erabilera arduratsua sustatzen dute, biodibertsitateari, produktibitateari eta birsortzeko gaitasunari eutsiz, bai eta funtzio ekonomiko, ekologiko eta sozialei eutsiz ere.
-
Egurra kalitate baxuko materiala da, eta zaharkituta dago
Egurra material berriztagarria, ekologikoa, beroa, iraunkorra, segurua eta moldakorra da. Estetikoagoa da; elementu organikoa da, eta gertuko kontaktu atsegina du: material noblea denez, era guztietako testuinguruetara egokitzen da; paisaian naturalki integratzen da, eta harmonikoki bat egiten du beste material batzuekin, hala nola harriarekin, altzairuarekin edo beirarekin. Etxebizitzan, egurrezko ingurune batek etxeko giroa edertzen, lasaitzen eta gozatzen du.
Egurra oso moldagarria da arkitektoarentzat: egurrezko eraikin batek adreiluzko eta zementuzko eraikin batek pisatzen duenaren bostena inguru pisatzen du; askoz errazagoa da zimendatzea, eta mota guztietako lur eta egoeretara egokitu daiteke: lurzoru hezeetara, gorabeheratsuetara, maldetara eta baita arrisku sismikoko eremuetara ere. Lerro-egitura harrigarri eta originaleko eraikuntzak ahalbidetzen ditu, bai eta bihurguneen aplikazio harmoniatsua ere.
-
Egurra mantentzea astuna eta garestia da
Ondo eginda badago, egurra mantentzea ez da oso garestia: edozein eraikuntzak, edozein materialez egindakoa dela ere, aldizka mantentze-lanak egitea eskatzen du, eta lan horiek ez dira sarriago egin behar egurraren kasuan. Barnealdean, egurrak behar dituen zaintzak oso errazak dira, eta iraunkorrak ia; kanpoaldean, berriz, mantentze-lanik behar ez duten egur trinkoak daude, eta baita pintura eta bernizen hainbat barietate ere, bost urtetik hamar urtera bitartean arreta berezirik behar ez dutenak, hain zuzen.
Diseinu egoki batekin eta egurraren erabilera profesionalarekin, egurrezko eraikuntzak mende askoan erabil daitezke.
-
Euskal basogintzaren (egurra) sektoreak ez du aberastasunik sortzen
Jarduera hau garatzeak 309 milioi eurotik gorako diru-sarrerak helarazten dizkie administrazio publikoei. Enpleguaren gainean dituen eraginak ere handiak dira: zuzeneko 13.000 lanpostu, eta zeharkako beste 7.000. EAEko enpleguaren % 2 baino gehiago da hori.
Euskadiko egurraren alde apustu egitea aberastasunaren eta enpleguaren alde apustu egitea da. Enpresa txikiek osatzen dute egurraren enpresa-ehuna; Euskadin, enpresen ia % 95ek 20 langile baino gutxiago dituzte, eta % 4,8 enpresa ertainak dira. Basogintzari esker, baserritar askok diru-sarrera osagarriak lortzen dituzte, nekazaritza- edo abeltzaintza-ustiategietarako.
Herrialdeko egurra kontsumitzeak distantzia luzeko garraioak eragiten dituen kostuak murrizten ditu (ekonomikoak nahiz ingurumenekoak), eta horrek kate osoan du eragina, azken kontsumitzailearengana iritsi arte. Euskal Autonomia Erkidegoak duen lehengai bakanetako bat da, eta badu berezitasun bat: Europan, gure lurraldea da intsinis pinua landatzen den lurralde bakarra.