Baskegur, Euskadiko Egurraren Elkarteak Euskadiko egurraren Liburu Zuria sortu du, Euskal Herriko Unibertsitatearen lankidetzarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren eta Hazi Fundazioaren laguntzarekin. Dokumentu honek basogintza-egurra sektoreak bizi duen egoeraren benetako ikuspegi gaurkotua eskaintzen du, baita gure lurraldeko ekonomian eta gizarte eta natura ingurunean duen eraginaren ikuspegia ere. Euskadik baso izaera duela nabarmentzen du txostenak. Zuhaitzen azalerak, gutxi gorabehera, EAEko lurraldearen %54 hartzen du, hau da, 396.962 hektarea; EBko ratiorik altuenetakoa da. 62,6 milioi m3 egur daude, eta aurreikusitako urteko hazkundea 3,4 milioi m3-koa da. Urtero erauzten den egurraren bolumen osoa (1,2 milioi m3 inguru) eskuragarri dauden baliabideen oso azpitik dago.

graficos baskegur EUSKERA

Egurraren stocka eta urteko hazkundea produktuaren erabileraren gainetik daude nabarmen. Beraz, tokiko basogintza-egurraren sektoreak tokiko industriak behar duen lehengaiaren eskaria arazo barik hornitu dezakeela ondorioztatu daiteke. Horri dagokionez, ekoizpen zikloan sortzen diren produktu eta azpiproduktuek basogintza sektoreko biomasaren, elektrizitate-sorgailuetarako erregaiaren, galdaren eta berogailuen etorkizuneko eskaintzari erantzuteko aukera handia ematen dutela ere azpimarratzen da. Modu horretan, Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenak beteko lirateke. Horien arabera, energia berriztagarriaren barne kontsumo gordina %6,7tik (2005) %20ra igoko da 2000. urtean. Urtean 2 milioi tonako basogintzako biomasa hondakin egongo da erabilgarri, ziurtatuko zifren arabera.

Helduegi dauden basoak moztuta, mendiak ernaberritzeko beharra ere nabarmentzen du Egurraren Liburu Zuriak. Horri esker, egurraren kalitatea bermatu, gaixotasunen arriskua murriztu, eta tokiko basogintza bultzatuko da, jarduera ekonomikoa, enplegua eta aberastasuna sortzeko eta basogintzako kudeaketa modernoagoa bultzatzeko.

Euskadin dauden espezieak

Euskadiko basoguneak bi zati ia berdinetan bereiz daitezke: hostozabalak (%51,6) eta koniferoak (%48,4). Radiata pinua da espezierik ugariena; %33,27ko azalera hartzen du. Azalera kontuan hartuta, pinu radiataren ondoren, pagadiak eta baso misto atlantikoa nabarmentzen dira; biek batera baso-azaleraren %55,3 hartzen dute. Espezie horiei erkametzak eta arteak gehituta, Euskadiko basoen azaleraren %70 hartzen da.

Koniferoak eta, bereziki, radiata pinua dira merkataritza erauzketen zati handiena (2014an baimendutako mozketen %79). Hostozabalekoei dagokienez, eukaliptoak laburren %88,8 hartzen ditu.

BASKEGURen enpresei egindako inkestaren emaitzen arabera, erabilitako egurraren %68 EAEkoa da; %30, beste erkidego batzuetakoa, eta %1, inportatutakoa (%32 ziurtatutako egurra da).

Eragin ekonomikoa

Egurraren sektoreak garrantzi handia du Euskadiko ekonomian: ia-ia bankuen eta aseguruen sektoreak besteko aberastasuna eta enplegua sortzen ditu. Egurraren sektoreak BPGren (Barne Produktu Gordina) %1,53 dakar, eta urtean 1.010 milioi euroko eragina ekonomian. Horri ingurumen zerbitzuen balorazioa gehituz gero, guztizko ekarpena %1,8 ingurukoa izango da.

Jarduera honen garapenaren ondorioz Administrazio Publikoek diru-sarreretan izango duten eraginaren aurreikuspena 309 milioi eurokoa da, sektoreak jaso ditzakeen diru-laguntzen gainetik.

Enpresen tamainari dagokionez, batez bestekoa hauxe da: 12 langile enpresa bakoitzeko, egurraren eta kortxoaren sektorean; 60 langile, paperaren industrian, eta 40 langile, altzarien industrian.

Egurraren enpresa-ehunean enpresa txikiak dira nagusi; Euskadin, enpresen %95ek 20 langile baino gutxiago dituzte; %4,8 enpresa ertainak dira, eta 200 langiletik gorako enpresa handiak papergintzakoak baino ez dira.

Enpleguari dagokionez, basogintza-egurra sektoreak 18.000 langile inguru ditu lanaldi osoan: 11.760 langilek modu zuzenean egiten dute lan sektorean; 6.247 lanpostu beste jarduera ekonomiko batzuei lotuta daude.

Sektoreak ingurumenari dakarzkion onurak

Basoak, naturalak zein ustiapenekoak, biodibertsitatea mantentzen duten ekosistemak dira, lurraren prozesu biofisiko eta biokimikoetako gako-osagaiak, eta horien ekosistemek gizakion ongizaterako funtsezkoak diren zerbitzuak ematen dituzte. Basoek eskaintzen dituzten onura nagusiak, egurraz, sugaiaz eta bestelako produktuez (jakiak, ganadu-jana, etab.) gain, honakoak dira: biodibertsitatearen euskarria; uraren eta lurzoruaren babesa; karbonoaren finkapena; ekoturismo, jolas, ehiza eta arrantza zerbitzuak, baita bestelako zerbitzu kultural eta espiritualak ere.

EAEko basoen urteko karbono finkapena egurraren batez besteko hazkundea abiapuntu hartuta kalkulatu daiteke: 13,9 m3/ha koniferoetarako, 4,7 m3/ha hostozabaletarako eta 16,8 m3/ha eukaliptoetarako. Hazkundea 275 kgC/m3 balioarekin (metro kubiko bat egurrean dagoen karbono kg) biderkatzen da.

Arotzeria-eraikuntza sektoreari lotutako ondasun iraunkorren ekoizpenean, egurraren erabilerak gora egiteak CO2 biltegi eraginkorra dakar outputetan; horrez gain, gaur egun gehiago erabiltzen diren bestelako materialak, hala nola, hormigoia, altzairua, aluminioa eta PVCa ordeztea dakar; izan ere, material horiek karbono isurpen handiak eragiten dituzte ekoizpen prozesuan. Gainera, eraginkortasun hobekuntza hori (fabrikazioan isuritako CO2 tasaren eta finkatutako CO2 tasaren arteko lotura) areagotu egingo da, tokiko egurra erabiltzen bada, kanpoko egurraren ordez; izan ere, garraioari lotutako karbonoaren aztarna txikitzea ekarriko du, eta aldaketa klimatikoa leuntzen lagunduko du.