Bilbao Exhibition Centren antolatutako Umeen Gabonetako Parkea bisitatzen duten umeek espazio didaktiko eta ludiko bat izango dute bihartik urtarrilaren 5era bitartean. Espazio horretan, Euskadin hazitako basoek duten garrantzia ezagutuko dute, eta aldaketa klimatikoari aurre egiteko eta airearen kalitatea hobetzeko baso horiek egiten duten ekarpena ikusiko dute. Informazio-panelak egin dira, txikienei zuzendutako hizkera erabilita, Euskadiko basoaren eta egurraren sektorearen errealitatearen berri izan dezaten, eta plastikoak eta petroliotik eratorritako beste produktu batzuk ordeztuko dituzten produktu berriak garatzeko lanean duen zeregina ezagutu dezaten. Kalaka enpresak tokiko egurraz eta artisau eran egindako jokoez gozatu ahal izango dute standera bertaratzen diren umeek.

Baskegurrek, Euskadiko Egurraren Elkarteak, enpresa eta elkarte hauekin lankidetzan jarri du martxan ekimena: Landatur, nekazaritzako prestakuntzan eta dibulgazioan espezializatutako enpresa; Bizkaiko Forestalisten Elkartea, lurraldeko basoen jabeak barne hartzen dituen elkartea; eta Mendatako Udala, bereziki sentsibilizatuta baitago basozaintzaren garrantzia ezagutarazteko beharrarekin, gure landaeremuetan gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-aberastasuna sortzeko. Bizkaiko udalerri horren lurraldearen % 85en zuhaitzak daude, eta baso horietako asko inguruko baserritarren jabetzakoak dira; urte luzez mantendu eta zaindu dituzte basoak eta gure ingurua.

 

“Dibertsioa balioekin” da Bizkaiko UGPk aukeratutako leloa edizio honetarako. Baskegurrek eta gainerako erakunde lankideek ekimen honen alde egindako apustuak bere egiten du helburu hori, txikienei lehen sektoreko jarduera honek duen garrantzia eta ekosistemari egiten dion ekarpena erakusteko. Erakusketari esker, UGPko bisitari guztiek Euskadiko basoaren eta egurraren sektorearen garrantzia ezagutuko dute: Euskadiko lurraldearen % 55 zuhaitzak dira, eta, basoaren kudeaketa arduratsuari esker, 18.000 lanpostu sortzen dira; horrez gain, sektorea BPGd-ren % 1,53 da Euskal Autonomia Erkidegoan. 200.000 pertsona baino gehiago etorri ziren aurreko edizioan Umeen Gabonetako Parkera, BECen 3. eta 5 pabiloietan eskaintzen ziren proposamenez gozatzera. Bizkaiko UGP ezinbesteko hitzordua bihurtu da txikienentzat Gabonetako jaietan.