Baso-kudeaketa iraunkorraren ziurtagiria

Prozesu horren bidez, hirugarren alderdi independente batek bermatzen du baso‑azalera baten kudeaketa bat datorrela denon artean onartutako baso‑kudeaketa iraunkorreko arauetan ezarritako baldintzekin.

Basoak eta sailak iraunkortasunez kudeatzeko, beharrezkoa da baliabideen, haien biodibertsitatearen, haien birsorkuntza-ahalmenaren eta haien funtzio ekonomiko, ekologiko eta sozialen arteko orekari eustea.

Baso-ziurtagiriaren bidez, munduko basoak erantzukizunez kudeatuak izatea lortu nahi da, eta basoen funtzioak egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat babestea. Horretarako, baso-sektoreko jabeak eta enpresak ere laguntzen ari dira; beren basoen eta industrien ziurtagiriaren alde egiten dute, beren jardueraren iraunkortasunaren alde.

Baso-jatorriko produktuak (zura, papera, kortxoa, perretxikoak, erretxinak, esentziak…) kontsumitzen eta erabiltzen dituzten pertsonek ziurtagiria duten produktuak erosten badituzte, iraunkortasunez kudeatutako basoetako produktuak erosten ari direlako bermea dute. Gainera, legez kanpoko mozteen kontra egiten eta baso-baliabideen funtzio nagusiak sustatzen laguntzen dute. Hauek dira funtziook:

  • Hainbat ekosistema mantentzen eta aniztasun biologikoa egoten laguntzea.
  • Landa-herri askoren sostengu ekonomikoa eta eraldaketa-industria garrantzitsuaren jatorria izatea.
  • Gero eta zeregin sozial eta kultural onartuagoa izatea.

 

Baso Ziurtagiri Iraunkorra mendi-mailan ezartzen da, eta hauek hartzen ditu barne: basoen inbentarioa; antolamenduaren plangintza; basogintza; aprobetxamendua; eta baso-jardueren ondorio ekologiko, ekonomiko eta sozialak.

Berme hori baso-produktuen kontsumitzailearengana iristen da, ziurtagiria duen lehengaia azken produktu ziurtatua lortzeko eraldatzen duten enpresa guztien bitartez; izan ere, produktu horien trazabilitatea adierazten dute, zaintza-katearen ziurtagiriaren bidez.

Zaintza-katearen ziurtagiriari esker, zura iraunkortasunez kudeatutako basoetatik datorrela kontrolatzen da, bai eta zur horretatik azken produktuak egiten dituzten enpresek zur horixe erabiltzen dutela ere.

Gaur egun, PEFC eta FSC dira bi ziurtagiririk garrantzitsuenak; PEFC ziurtagiria da Euskadin eta Europan hedatuena.