Oskar Azkarate Baskegurreko zuzendariak nabarmendu du eraikuntzan zuraren erabilera gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dela mundu osoan, teknika berriei esker eta eraikin efiziente eta jasangarriak nahi dituen gizartearen kontzientziazio gero eta handiagoari esker.

Bertako egurrak, lehengai natural eta berriztagarria den aldetik, zer-nolako balioa daukan nabarmendu nahi du Baskegurrek. Produktu malgua da, industrializazio-aurreko prozesuei ekiteko hoberenetakoa. Hala, eraikuntzako fasean denborak murriztu egin daitezke, prozesuaren amaieran kalitate maila gorena bermatuta.

Egurra, gainera, bioekonomiaren garapenerako oinarria da Euskadin, erregai fosiletatik eratorritako produktuak ordezkatuko dituen ekonomia zirkularraren alde herrialdeak egin duen apustu horretan”, nabarmendu du Oskar Azkaratek, Baskegurreko zuzendariak. Berak hizlari gisa parte hartu du “Material tradizionalen bilakabidea material berrietara iristeko” izeneko mahai-inguruan.

Egurra da ikuspegi teknologikotik begiratuta bilakaerarik handiena izan duten materialetako bat. Gaur egun CLT panelekin 30-40 solairu artean dituzten egiturak eraiki daitezke, baita fatxadak egin ere, iraunkortasuna eta suaren aurkako erresistentzia bermatzea ahalbidetzen dieten tratamendu berritzaileekin.

Ingurumen ziurtagiriek ezbairik gabe erakusten digute produkturik jasangarriena egurra dela. Bestelako materialez eraikitako ohiko eraikinek ez bezala, egurrak karbono aztarna murriztu egiten du.

EESAP10 CICA3 biltzarrean Baskegurrek jarritako erakusmahaian euskal industriak gaur egun esku artean dituen hainbat produktu eta eraikuntzako soluzio berritzaileak ezagutarazi ditugu. Era berean, publiko preskriptoreari jakinarazi diogu gure elkartea, beste eragile sozial eta instituzional batzuekin batera, zer-nolako apustua garatzen ari den formakuntzaren arloan.

Ikasturte honetan bigarren edizioa izango du “Zurezko egiturak, Eraikuntza eta Diseinuan” masterrak. Ekimen hori Baskegurrek bultzatu du, Donostiako UPV/EHUko Arkitekturako Fakultatearekin batera, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako Sailaren laguntzarekin.

Master hori gehitu behar zaie beste proposamen batzuei ere, hala nola UPV/EHUko Ingeniaritzako “Eraikuntza Aurreratua” masterrari eta Donostiako Miramar jauregian egin ohi diren udako ikastaroei.

Konpromiso horren erakusle dira, halaber, BECen bi urtean behin egin ohi den EGURTEK foroaren batzorde antolatzailean daukagun partaidetza eta beste biltzar batzuei ematen diegu babesa, adibidez, ICOMOSek antolatuta Bilbon eta Donostian urrian egitekoa den “IIWC zurezko ondarearen kontserbazioa” ikastaroari.