2017ko abenduaren 14a. Abenduaren 14an eta 15ean Bioekonomiako Inbertsioen Foroa egingo da Helsinkin, eta Eusko Jaurlaritzako, Baskegurreko (Euskadiko Egurraren Elkartea), NEIKER-Tecnaliako eta USSE Europaren Hegoaldeko Basoginen Elkarteko ordezkariek hartuko dute parte foro horretan. Hitzordua Finlandiako hiriburuan izango da, eta bere helburu nagusia izango da erkidego mailan benetako estrategia bultzatzeko ekonomia berdea deiturikoaren alde erakunde publikoek eta pribatuek egiten duten apustua bideratzea.

Munduko 30 adituk baino gehiagok hazkunde ekonomikoa eta ingurumenaren errespetua nola uztartu daitezkeen erakutsiko dute eta horren gainean dituzten ikuspuntuak ezagutaraziko diete bertaratzen direnei.

“Garrantzitsua da ezagutzea Finlandiaren Bioekonomiaren eredua eta apustu estrategikoa –eta Europaren iparraldeko beste herrialde batzuena ere bai– ; izan ere, haien ereduaren dimentsioa eta haien abiapuntua oso desberdinak badira ere, inbertsiorako eta garapenerako politika bat ezarri dute, enpresak inplikatuta, eta horri esker ekonomia berdean aitzindariak izatera heldu dira”, nabarmendu du Oskar Azkaratek, Baskegurreko zuzendariak.

NEIKER-Tecnaliako zuzendari nagusi Leire Barañanok, berriz, esan du “bioekonomia etorkizuneko apustua dela eta Euskadirako aukera bat, eta Finlandiakoaren moduko kasuak adibide bikaina direla, nahiz eta eskualde bakoitzak bere eredu propioa aurkitu behar duen. Gure industria tradizionalaren zati bat eraldatu eta bioekonomian oinarritutako ingurumen eta merkataritzako irtenbideetara bideratu daiteke, eta funtsezkoa da jakitea nola egin duten trantsizio hori beste latitute batzuetan”.

Aurrerapen teknologiko berriek jada lortu dute petrolioarekin eta bere deribatuekin egindako produktu gehienak baliabide biologiko berriztagarriekin egiteko aukera egotea. Zentzu horretan, aukera itzelak daude ingurumenaren arloan eta arlo komertzialean, industria sorta zabal baterako: eraikuntza, produktu kimikoak, ehungintza, energia eta plastikoak.

Finlandiako basogintzaren eta egurraren sektorearen errealitatea ezagutzea

Helsinkin Bioekonomiaren Summita egingo dela eta, euskal ordezkaritzak programa oso bat prestatu du hango enpresak bisitatzeko eta profesionalekin elkartzeko, Finlandiako basogintzaren eta egurraren sektorearekin harremanak estutzeko.

USSEko lehendakari exekutibo Leire Salaberriak azpimarratu du “programatutako bisiten eta topaketa profesionalen ardatz komuna dela eraikuntzarako biomaterialen eta kimika berde deiturikoaren alorretako ikerketa eta garapen proiektu nabarmenenak ezagutzea”.

Euskal ordezkaritzak “BIORUUKKI pilot centre” bisitatu du dagoeneko, non bioekonomia zirkularreko enpresetarako berrikuntza proiektuak egiten diren. Karbono gutxiko soluzio energetikoetan, produktu kimiko iraunkorretan eta biomasan oinarritutako produktu berrietan espezializatutako enpresa da. Euskaditik doan lantaldeak aukera izango du, halaber, Finlandia basogintzaren sektorean egiten ari den apustu estrategikorik garrantzitsuena bertatik bertara ezagutzeko: Äänekoskiko bioproduktuen lantegia, zeinak miloi askoko inbertsio bati esker bioproduktuak ekoitzi ditzakeen, hala nola erretxinazko olioa, trementina, biogasa eta bioelektrizitatea. Storaeso ere bisitatuko da, eta bertan enbalajeetarako egurraren erabileran lortutako berrikuntzak ezagutu ahal izango dira, enbalaje iraunkorragoak eta eraginkorragoak lortzen uzten baitute.

Europako iparraldeko herrialde bioekonomia zirkularrerako trantsizioaren oso adibide bikaina da. Etxebizitza familiarren %80 egurrez egiten dira; elektrizitatea ekoizpen prozesuetatik lortzen dute, esaterako, paper orea sortzeko prozesutik; eta landare oinarria duen erregai diesela garatu dute garraio publikoa mugiarazteko. Basogintzak eragiten dituen onurak, iraunkortasunaren ikuspuntutik, gizartearen zati handi batengana iristen dira; izan ere, 5 finlandiarretatik 1 baso gune baten jabe da. Basogintzaren sektoreak, berak bakarrik, 70.000 enplegu zuzen sortarazten ditu, eta lanpostu horiei ekonomia berdearen sustapenarekin lotura duten kualifikazio handiko lanpostu berriei gehitu behar zaizkie. Oso adibide ona, Baskegurrek eta beste euskal ordezkariek kontuan hartu beharrekoa