BASKEGUR-ek Irungo FICOBA erakustazokako kanpoaldean izei natural handi bat jarrita ospatu nahi izan ditu eguberriak herritarrekin. Arbolak 25 metro baino gehiago zituen berez, baina 12 metrora egokitu da, garraiatzeko eta jartzeko.

Picea abies espeziea da Eguberrietako arbola nagusia, eta hirurogei metroko altuerara ere heldu liteke. Ipar herrialdeetakoa da jatorriz, eta bere egurra oso preziatua da ebanisterian eta musika-tresnak egiteko.

Basoari eskainitako bizitza

Hirurogeita hamarreko hamarkadan landatu zen izei gorri hau, eta urte hauetan guztietan, Zestoako udal-mugartean egon da, hain zuzen, Lasao auzoan, Otaloa baserriaren lurretan, Anatzanzar mendian.  Garai batean, Zunzunegi familiak, lurren jabea baita, erabaki zuen leku hura Europako iparretik ekarritako izeiekin landatzea, eguberrietan saltzeko asmoz, merkatuan ondo onartzen baitziren, batez ere Katalunian. Baso-lanez, Luis Mari Zunzunegi arduratzen da orain, eta leial jarraitzen du familiaren baso-tradizioarekin. Tomas bere aitak landatu zuen Ficoban ikusi ahal dugun izeia.

Familiak mantendu egin ditu izei handienak, baso gunea mantendu nahian. FICOBAn jarriko dena moztu beharra zeukaten, lurra lehiatzen zioten beste bi izei haztea oztopatzen baitzuen. Zerraz moztu aurretik, BASKEGURrek nahi izan du gipuzkoarrek eta bisitariek gozatu dezaten aukera izatea Euskal Kostaldeko Nazioarteko Azokaren kanpoaldean jarrita; izan ere, Eguberrietako Azoka eta Eguberrietako Haur Parkea egin ohi dira bertan eguberriko egun hauetan.

Kudeaketa jasangarria

Izeia egon den ustiapenak ingurumeneko PEFC jasangarritasun-ziurtagiriak dauzka. Horrela, bermatu egiten du baso-baliabideak arduraz erabiliko direla eta ale berriak ereingo direla mozteko ziklo naturalera iritsi direnak ordezkatzeko. Eguberrien ondoren, espezie horren ohizko erabileretarako berrerabiliko da izeia; esaterako, eraikuntzan eta enbalajean.